Luzuriagako langileen batzordeak eguerdiko 13:00etatik 15:00etara deitu duen lan uztea egiten ari dira. Lantegi atarian elkarretaratzea burutzen ari dira "Lan istripurik ez!" lemapean. Lan ezbeharrean hil den lankidearen heriotza salatzen ari dira. Gogoan izan bestalde, Usurbilgo EH Bilduk urgentziazko elkarretaratzea deitu duela "Lan istripurik ez, lan baldintza duinak!" lelopean, iluntzeko 19:30etarako Mikel Laboa plazan. Mobilizazio hauekin bat egin du Ernai Usurbil gazte erakundeak.
Urtarrilaren 30ean larriki zauritu eta herenegun hil zen Luzuriagako langilearen senideei, doluminak adierazi dizkio lantegiko Langileen Batzordeak, atzo goizean burutu zuen bilkuran. Honez gain, langileak gaur eguerdirako deitua dagoen lan uztearekin bat egitera deitu zituzten. Atzo goizean buruturiko ezohiko batzarrean, elkartasun ekimen bat ere martxan jartzea adostu zuten; langile bakoitzak hiru lan orduz irabazitako soldata zatia, hil berri den langilearen bikote eta senideei laguntzera bideratzea.
Tolerantzia zero, lan istripuekin
Asteazken honetako lan uztearekin bat egin du LAB sindikatuak eta prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "bere senide eta gertukoei eta oro har langile klaseari bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die". Laneko gaixotasun eta lan istripuekiko tolerantzia zero izan behar dugula gaineratu dute aipatu sindikatutik. Eta halakoak saihesteko, LAB-en esanetan, "eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz".
Aldaketa, langileen eskutik etorriko dela diote eta gogorarazten dutenez, "langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Beste behin ere hildakoa langile gazte bat da, etorkizun eta lan baldintza hobeagoen bila etorria zena gure herrira".
Seigarren hildakoa, hilabete pasatxoan
Victorio Luzuriaga enpresan hil berri den langileak, urtarrilaren 30ean izan zuen lan istripua. Makinen prebentzio lanetan ari zela lubaki batera erori zen. Geroztik, zainketa intentsiboetako unitatean egon da egoera larrian. Alduntzar enpresarako egiten zuen lan, Luzuriagaren baitako subkontrata batean, 38 urte zituen eta jatorriz errumaniarra zen. Aipatu moduan herenegun hil zen.
Berarekin 6 dira jada, urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuetan hil diren lagunak. Haietako bi, Gipuzkoan. Azkena, Usurbilen. Ondoko irudian, urte honetan lan istripuz hil zen lehen langilearen lankideek, gertaturikoa salatzeko eginiko elkarretaratzea, Basauriko Gerdau GSE enpresa atarian.
Mobilizazioak
Otsailak 12, asteazkena
13:00-15:00 Lan uztea Luzuriagan.
Deitzailea: Luzuriagako Langileen Batzordea.
19:30 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo EH Bildu.