2015ean ere, esperientzia errepikatzeko moduan

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 12a, 00:00

Hala adierazi diote NOAUA!ri, asteburuan Altitoy mendi eskiko proban parte hartzera joan den herritar taldeak. Ondoko argazki eta kronika bidali digute, Jon Rekondok, Iñaki Rekondok, Andoni Udabek, Imanol Zarautzek, Egoitz Manterolak (Orio), Patxi Pagolak, Harkaitz Iparragirrek eta Mikel Legarretak (Urnieta):

"Iragan asteburuan Luz St. Sauveur eta Bareges inguruetan egin da Altitoy mendi eskiko proba. Larunbatean SuperBaregeseko parkingnetik atera eta A ibilbidekoek 2150 metrotako desnibel positiboa zeukan ibilbideari aurre egin behar izan zioten, aldiz, B ibilbidekoek 1350 metrotako desnibel positiboa egin zuten. Hasiera batean eguraldi txarra eta haizea zegoen iragarrita baina nahikoa ondo portatu zen. Haizearengandik babestutako lekuetatik egin zuten ibilbidea eta nahiz eta ibilbide oso teknikoa ez izan egun polita atera zen.

Igandean berriz eguraldi hobea zegoen iragarrita eta halaxe izan zen. Hau baliatuz, Luz Ardiden eta Bedereteko inguruetan ibilbide gogorragoa ezarri zuten. A ibilbidekoek 2450 metrotako desnibel positiboa eta B ibilbidekoek 1450 metrotako desnibela egin behar izan zuten. Aurreko eguneko joera berdintsuari jarraituz eski pistetatik abiatuz lepo zein baso tartean eskiatu eta fokeatu behar izan zuten.

Hasiera batean Pic du Midi Bigorrera igotzeko asmoa zuten baina haizea eta elurraren baldintzak ez zirenez egokienak ibilbidea aldatu egin zuten.

Parte hartu zuten usurbildar guztiek bukatu zituzten bi eguneko ibilbideak eta gustora geratu ziren egindako denborekin.

Larunbateko ibilbidearen hasieran minutu bateko isilunea egin zuten eta igandean berriz omenaldi beroa jaso zuen Andoni Areizagak, urrian auto istripuz hil zen Andoni Areizagak.

Antolatzaileek iragarri dutenez gustura daude egindako lanarekin eta datorren urtean ere bertan izango direla iragarri dute ibilbide berri, tekniko eta interesgarriak proposatuz.

Altitoyek daukan dohaietako bat inprobisazioari aurre egiteko daukan gaitasuna da. Antolatzaile eta laguntzaileek (350 pertsona) ahalmen handia daukate bi egunetako ibilbideak osatzeko mendiaren eta eguraldiaren baldintzek okerrera egiten badute, jakinik 500 partehartzaile egongo direla mendian proba egiten eta edozein gauzaren gainetik beraien segurtasuna da lehentasuna.

Eskerrak antolatzaile eta laguntzaileei egindako lanagatik.

Datorren urtean ikusiko gara".