Usurbil, Urdaiaga edota Txokoalde lotu zituen azaroko Kulturaldiaren baitan antolatu genuen ibilaldiak. Aginagan amaitu zen. Eta oraingoan, Aginagan izango du abiapuntua eta helmuga. NOAUA! Kultur Elkarteak otsailaren 23rako, herri ondarea ezagutzeko antolatu duen irteera berriaz ari gara. Aginagako Sariakolan hasi eta herri gunerainoko ibilbidea osatzeko aukera egongo da, Jakoba Errekondo paisajistaren argibideak lagun ditugula. Beste behin, gertuan, etxean bertan ditugun guneak balorean jarri eta herri ondareaz zerbait gehiago ikasteko aukera izango dugu hilaren 23an. Irteeran parte hartu nahi duzuenontzako hitzordua finkatua dago jada; otsailaren 23an, goizeko 9:30etan Sariakolan.
Joseba Tapiaren igandeko emanaldirako sarrerak salgai
"Tximela kapitainaren izarrak" izeneko lana aurkeztuko du jendaurrean, igande honetan, otsailaren 16an, iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrerak aurrez erosteko aukera egongo da, 6 eurotan Txiribogan eta NOAUA!ko egoitzan. Baita emanaldi egunean bertan ere, 8 euroren truke. Bazkideek aurrez eta NOAUA!ko egoitzan eskuratu ahal izango dituzte 5 eurotan.
Tximela kapitain gazteak, Luis Rezolak 1937an Duesoko presondegian idatzitako bertso eta poemetan oinarritua dago, Tapiaren lan berria; "Gosea, herrimina, fusilamenduak, bizitza osorako kartzelaldia eta esperantza hala ere".
Gitarra eskutan duela etorriko da, NOAUA! Kultur Elkarteak Sutegin antolatu duen ekitaldira, "melodiaren sotiltasunez egoeraren garratza eta presoaren bakartasuna adierazteko, eta baita, bestalde, gure kantagintza modernoa abiatu zuten kantarienganako keinuan".
Aurreko asteko NOAUA!rako eskaini dion elkarrizketan, Joseba Tapiak berak aurreratu duenez, "Luis Fernandez eta biok irtengo gara oholtza gainera, txeloa eta gitarra soilez. Kantaldia eskainiko dugu, kantua aldarrikatuko. Tximelaren lanen berri emango dugu, eta bide batez labetik atera berriko disko batean bilduak daudela gogoraraziko diegu usurbildarrei".
Joseba Tapiak NOAUA!ri eskainiko elkarrizketa osoa: http://www.noaua.eus/hemeroteka/aldizkariak/561web.pdf