Luzuriagako lan istripua deitoratu, hildako langilearen ingurukoei elkartasuna adierazi eta halako ezbehar gehiago ez izateko konpromiso eraginkorrak hartzea exijitzen dute Usurbilgo EH Bildu, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek. Asteazken honetarako antolatuak dauden mobilizazioetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. Honela dio, Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen adierazpen instituzionalak:
Luzuriagan gertatu den lan-ezbeharra dela eta Usurbilgo Udalaren
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Usurbilgo Luzuriaga lantegian ari zen I.O.S. langileak sufritutako lan istripua deitoratu nahi dute Usurbilgo Udaleko EH Bildu, Hamaikabat, PNV eta PSE-k. Heriotza salatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Halaber, hildakoaren senide, lankide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu.
Usurbilgo EH BILDUk, Hamaikabat, PNV eta PSE-k lan-ezbeharren aurka konpromiso eraginkorrak exijitzen dituzte. Istripuak eta ezbeharrak ekidin daitezke, baldin eta alde guztien partetik neurriak jartzen baditugu. Egoera prekarioetan lan egiten dutenek horrelako istripuak sufritzeko aukera gehiago dituzte, eta horregatik diogu oraindik lan asko dagoela egiteke.
Zentzu honetan, bereziki salatu behar dugu istripua berriz ere azpikontratatutako enpresa batean gertatu dela. Beste behin ere azpikontratazioak eta lan-istripuak eskutik datozela frogatua geratu da. Izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioz, segurtasun neurriak aplikatzeko orduan lasaitasuna antzematen da enpresa guztietan, baino batez ere azpikontratatuetan.
Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomi arloko eragile eta erakunde publikoek.
Era berean, Udal talde hauek bat egiten dute konbokatu diren hitzorduekin, bertan parte hartzera deia eginez:
- Luzuriagako Enpresa Komiteak elkarretaratzea deitu du 13.00tatik 15.00tara lantegi aurrean.
- Elkarretaratzea 19,30tan Mikel Laboa plazan, “Lan istripu gehiago ez. Prekaritatea hiltzailea” lemapean.
USURBILGO UDALA (EHBildu, Hamaikabat, PNV eta PSEko zinegotziak)