Luzuriagakoa, azken lan istripua izan dadila eskatu dute usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 13a, 00:00

Urtea hasi zenetik lan istripuek eragin duten seigarren heriotza salatu zuten atzo iluntzean Mikel Laboa plazan deitua zegoen elkarretaratzean. Oraingoan ezbeharra udalerri honetako enpresa batean gertatu baitezen, urtarrilaren 30ean; Luzuriaga lantegian. Biktima, 38 urteko errumaniarra. Luzuriagaren Alduntzar azpikontratarako lan egiten zuen. Urtarrilaren 30ean, makinen prebentzio lanetan ari zela lubaki batera erori zen. Geroztik, zainketa intentsiboetako unitatean egon da egoera larrian. Aste hasieran hil zen. 

Hainbat langileek pairatzen dituzten lan baldintza gogorrak salatu ziren, "Lan istripu gehiago ez! Prekarietatea hiltzailea!" lelopean burutu zen atzoko elkarretaratzean. Azken lan istripu hau salatu zen mobilizazio honen bidez. hildako langilearen senide eta lagunei elkartasuna adierazi zitzaien. Lan istripuak saihestu daitezkeela, halako gertaera gehiago ezin direla onartu eta alor honetan egiteko asko dagoela gogorarazi zen. Eragile eta erakundeen arteko elkarlanerako deia ere egin zen.

Lankideen elkartasun ekimena
Mikel Laboa plazako mobilizazio aurreko orduetan, aipatu heriotza salatzeko, Langileen Batzordeak deituta, bi orduko lan uztea egin zuten eguerdi partean Luzuriagako langileek. Lantoki atarian biltzen joan ziren, "Lan istripurik ez!" leloa zeraman pankartaren bueltan. Heriotza gertatu eta ordu gutxira, Langileen Batzordeak hartutako erabakietako bat izan zen bi orduko lan uztea egitea. Honez gain, elkartasun ekimen bat ere martxan jartzea adostu zuten; langile bakoitzak hiru lan orduz irabazitako soldata zatia, hil berri den langilearen bikote eta senideei laguntzera bideratzea. 

Asteazkenean zehar egin ziren mobilizazioekin bat egin zuten, ordu batzuk lehenago, EH Bildu, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, udalbatza osoak adostu eta kaleratu zuten adierazpen instituzionalak dioen moduan:



Luzuriagan gertatu den lan-ezbeharra dela eta Usurbilgo Udalaren

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

 

Usurbilgo Luzuriaga lantegian ari zen I.O.S. langileak sufritutako lan istripua deitoratu nahi dute Usurbilgo Udaleko EH Bildu, Hamaikabat, PNV eta PSE-k. Heriotza salatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Halaber, hildakoaren senide, lankide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu.

Usurbilgo EH BILDUk, Hamaikabat, PNV eta PSE-k lan-ezbeharren aurka konpromiso eraginkorrak exijitzen dituzte. Istripuak eta ezbeharrak ekidin daitezke, baldin eta alde guztien partetik neurriak jartzen baditugu. Egoera prekarioetan lan egiten dutenek horrelako istripuak sufritzeko aukera gehiago dituzte, eta horregatik diogu oraindik lan asko dagoela egiteke.

Zentzu honetan, bereziki salatu behar dugu istripua berriz ere azpikontratatutako enpresa batean gertatu dela. Beste behin ere azpikontratazioak eta lan-istripuak eskutik datozela frogatua geratu da. Izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioz, segurtasun neurriak aplikatzeko orduan lasaitasuna antzematen da enpresa guztietan, baino batez ere azpikontratatuetan.

Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomi arloko eragile eta erakunde publikoek.

Era berean, Udal talde hauek bat egiten dute konbokatu diren hitzorduekin, bertan parte hartzera deia eginez:

  1. Luzuriagako Enpresa Komiteak elkarretaratzea deitu du 13.00tatik 15.00tara lantegi aurrean.
  2. Elkarretaratzea 19,30tan Mikel Laboa plazan, “Lan istripu gehiago ez. Prekaritatea hiltzailea” lemapean.

 

USURBILGO UDALA (EHBildu, Hamaikabat, PNV eta PSEko zinegotziak)