Gaur estreinatuko da, Oinatz Iparragirre iragartzen aritu den Bartzelonako Euskal Zinemaldia

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 13a, 00:00

Ostegun iluntze honetan ospatuko den inaugurazio ekitaldiarekin emango zaio hasiera, "Zinemaldia.cat", Bartzelonako Euskal Zinemaldiaren bederatzigarren edizioari. Gaur hasi eta otsailaren 22ra arte, euskal zinearen hiriburu bilakatuko dute Herrialde Katalanetako hiriburua. Berrikuntzekin aurten; zinema aretoetara zabaldu baitute erakustaldia. Girona izeneko aretoetan, Euskal Herrian ekoitzitako hamaika lan proiektatuko dira. 

Gaurko inaugurazio ekitaldian, besteak beste, 21:30etatik aurrera ikusi ahal izango den lehen euskal filmeko aktoreek parte hartuko dute; Aitor Merino, Marc Clotet, Mark Schardan, Patxo Telleria, Pep Tosar, Gorka Otxoa, Leticia Dolera, Lander Otaola, Marc Gutiérrez... Haiekin guztiekin antolatzaileak eta baita usurbildar bat ere; Oinatz Iparragirre Arregi.

Bartzelonako Euskal Zinemaldiaren bederatzigarren edizioa iragartzeko kaleratu duten karteleko irudia baita Oinatz. Aste honetako NOAUA!rako iragarri digun moduan, "Ondo jantzita, inaugurazio galara joatekoa naiz. Ekitaldi guztietara joateko asmoa dut. 10-11 film dira, laburmetraiak… Euskal Herrian, euskaraz egindakoak, euskal kultura eta Euskal Herria bultzatzeko handik kanpora. Ekitaldi mordoa egiten dira urtean zehar, baina Zinemaldiak ere bere oihartzuna izaten du hemen". Pozik dago zinemaldirako modelo lanak eginda, duela urtebetetik lan kontuengatik Herrialde Katalanetan bizi den usurbildarra. Kaleratu berri dugun astekarirako eskaini duen elkarrizketa, lotura honetan klikatuta irakur dezakezue: http://www.noaua.eus/hemeroteka/aldizkariak/562web.pdf

Bartzelonako Euskal Zinemaldiko egitaraua, hemen: http://blog.euskaletxeak.org/2014/02/08/comenca-zinemaldia-cat/

Monika Zumeta, Zinemaldian baita
Oinatz Iparragirre Arregik, ziur aski beste usurbildar batekin topo egingo du gaur bertan estreinatuko den Bartzelonako Euskal Zinemaldian. Monika Zumetarekin hain zuzen. Enara Goikoetxearekin zuzendua duen "Izenik gabe 200x133" dokumentala aurkeztuko baitu Pako Ruiz ekoizlearekin batera, datorren astelehenean, otsailaren 17an, iluntzeko 21:00etatik aurrera Girona zinemeta aretoetan. Bertan ospatuko bederatzi egunetarako iragarriak dauden ekitaldi guztiak. Monikaren aitak Jose Luis Zumeta artistak margolan bat nola sortzen duen azaltzen du "Izenik gabe 200x133" ikus-entzunezko lanak. Joan den Kulturaldian, NOAUA! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren arteko elkarlanari esker, Sutegin proiektatu zen. Zumetaren sormen lana ardatz duen proiekzioaz gain, “Asier eta biok”, “Euskara jendea”, “Umezurtzak”… proiektatuko dituzte, otsailaren 13tik 22ra.