Eskubaloi, futbol, eskupilota eta pala partidak jokatuko dira arratsaldeko 18:45etatik aurrera frontoian. Ekimenok Usurbilgo Gure Esku Dago bilguneak antolatu ditu, ekainaren 8an, Durango Iruñearekin lotuko duen erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea girotzeko. Astebururako beste hitzordu bat ere finkatu dute; igande eguerdian, poteo orduan, eguraldi ona bada behintzat, giza-katerako izen emateko mahaia jarri asmo dute Mikel Laboa plazan.
Gogoan izan, giza-katean parte hartzeko, aurrez izena eman beharra dagoela. Herritar bakoitzak metro bat erosi behar du 5 eurotan. Trukean, 123 kilometro luze izango dituen ekimenerako motxila eta zapi bana jasoko du. Euskal Herri osoan gutxienez 50.000 lagun biltzeko erronka jarri dute antolatzaileek. Usurbilen 400 bildu nahi dituzte. Herritarrak jada apuntatzen hasiak dira. Izena eman dutenen zerrenda, Sutegiko erakusketa aretoko horman ikus daiteke. Hurrengo hilabete hauetan apuntatu direnen kopuruak gora nola egiten duen ikusi ahal izango da bertan. Ekainaren 8ko erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean parte hartzeko eremua ere zehaztua dute usurbildarrek; Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute.
Hitzordu gehiago deitu ditzakete
Hauexek momentuz, Gure Esku Dago bilguneak egunotarako deitu dituen ekimenak. Jarraian zehaztuago, ordutegi eta guzti. Egitaraua ordea behin behinekoa da, aldaketak izan ditzake. Hitzordu gehiago deitzea ere aurreikusia baitute antolatzaileek:
Otsailak 14, ostirala
18:45etatik aurrera, futbol, eskubaloi, pala eta eskupilota partidak.
Otsailak 16, igandea
12:00etatik aurrera eta bazkalaurreko poteo orduetan, giza-katean izen emateko aukera. Eguraldi ona bada, Mikel Laboa plazan jarriko dute apuntatzeko mahaia.
Antolatzailea: Gure Esku Dago Usurbil.