Inauteri Festan egingo den afarirako txartelak, jada eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 17a, 00:00

NOAUA!ko egoitzan, Txiribogan eta Irratin erosi ahal izango dira, 13 euroren truke.  Txartelak eskuratzeko azken eguna; otsailaren 26a. Aurtengo Inauteri Festako afaria Usurbilgo Gaztetxeak antolatu du. Menu merkea eta goxo askoa; paella, solomoa eta postrea. Aipatu moduan, 13 eurotan. Inauteri Festa izanik, esan beharrik ez, otordura mozorrotuta joatea ezinbestekoa izango dela. Aurtengorako proposatua dagoen gaia: Erdi Aroa. Kontuan izan, prestaketa lan guztietarako, bi aste baino ez dira geratzen. 

Martxoaren 1ean, larunbatez ospatuko dugu eta, Usurbilgo Inauteri Festa. Goizetik iluntzera, eta nahi duenak noski, goizaldera arte. Kalean ospatzeko festa izango da; kalejirak izango ditugu egunean zehar. Kalejirok, besteak beste, Tipi-Tapa egitasmoan parte hartzen duten zazpi tabernetan geldialdiak egingo dituzte. Eta tabernariak aipatuta, datorren Inauteri Festan nabarmendu beharreko berrikuntza bat; zazpi edaritegiok, Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Txiriboga eta Aitzagak bat egin dutela mozorro festarekin. Martxoaren 1ean, Erdi Aroz dekoratu asmo dituzte guneok, eta tabernariak ere ezohiko jantziekin agertuko dira. Adi beraz!

Gonbita luzatua dago; mozorrotu eta kalera martxoaren 1ean, Inauteri Festaz gozatzera!