Otsailaren 2an, Tolosa futbol taldeko jokalari Urtzi Gurrutxaga bihotzekoak jota hil zen Donostiako Berioko futbol zelaian, ohorezko mailako partida bat jokatzen ari zirenean. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu eta Donostia Ospitalera eraman zuten arren, hil egin zen. Halako bat bateko heriotzak saihesteko, kirol instalakuntzetan desfibrilagailuak jartzea eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira. Eta guneotako langileentzako ere, horrelako egoeretan nola jokatu jakiteko prestakuntza jasotzea eskatzen dute.
Gertaera guztion harira, Usurbil FT-k DYArekin batera, gai honi loturiko prestakuntza saio bat antolatu dute, ostiral honetarako, otsailaren 21erako, iluntzeko 19:00etatik 21:00etara DYAko egoitzan. Doakoa izango den ikastaroa, 16 urtetik gorako jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideei zuzendua dago. Interesdunek, Usurbil FT-ren Haraneko egoitzan eman beharko dute izena. Ikastaroan parte hartzeko aldez aurreko osasun ezaguerarik izatea ez da beharrezkoa izango.
“Denborak berebiziko garrantzia du”
Kanpoko Desfilibragailu Erdi Automatikoa erabiltzen eta bihotz biriken suspertzea egiten ikasi ahal izango dute ikastaroko parte hartzaileek. Modu praktiko, erraz eta sinplean. Prestakuntza saio hau giltzarria izan liteke, kirol neurketetan bat batean gertatzen diren ezbeharren aurrean erreakzionatzeko. DYA-tik gogorarazten dutenez, “jakin behar duzu, egoera larri jakin batzuetan, denborak berebiziko garrantzia duela eta suspertze teknikak berehala egiten hasteak biziraupen aukerak %70era igo ditzakeela”.