Horixe NOAUA! Kultur Elkartetik, otsailaren 23rako egiten dizuegun proposamena. Usurbil, Urdaiaga edota Txokoalde lotu zituen azaroko Kulturaldiaren baitan antolatu genuen ibilaldiak. Aginagan amaitu zen. Eta oraingoan, Aginagan izango du abiapuntua eta helmuga. NOAUA! Kultur Elkarteak otsailaren 23rako, herri ondarea ezagutzeko antolatu duen irteera berriaz ari gara. Aginagako Sariakolan hasi eta herri gunerainoko ibilbidea osatzeko aukera egongo da, Jakoba Errekondo paisajistaren argibideak lagun ditugula. Beste behin, gertuan, etxean bertan ditugun guneak balorean jarri eta herri ondareaz zerbait gehiago ikasteko aukera izango dugu hilaren 23an. Irteeran parte hartu nahi duzuenontzako hitzordua finkatua dago jada; otsailaren 23an, goizeko 9:30etan Sariakolan.