Jatetxeak, sagardotegiak, pintxo-tabernak, hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landa etxeak, museo eta interpretazio zentroak... Guztira 28. Donostialdeko, hau da, Usurbil, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako 28 establezimenduk Kalitate Turistikoarekiko Konpromisoaren bereizgarria lortu dute. Bereizgarria bera, agiri moduan jaso dute gaur, Urnietako Oianume jatetxean ospatu den ekitaldian; besteak beste, Usurbilgo Saizar Sagardotegiak, Zubietako Barazar Landetxeak, Aginaga Sagardotegiak eta Aginaga Hotelak. Baita, ekitaldia ospatzeko hautatu den kokaguneak ere; Oianume Jatetxeak eta bertako ostatuak.
SICTED izeneko programan parte hartzen ari dira establezimendu guztiok. Egitasmo honen bidez, turismoaren alorrean lan egiten duten gune guztion kudeaketa hobetu, bezeroei zerbitzua hobetzeko pausoak eman eta profesionalizazioa sustatu nahi da. Norabide horretan lau urteko lanketa burutzen dute establezimenduek. Formazioa jasotzen dute, gune bakoitzera bisitak egiten dira kalitatea hobetzeko arauen ezarpenaren inguruko jarraipena egiteko, eta amaieran, konpromisoen betetzea ziurtatuko duen ebaluaketa bat egiten da.
Prozesu honetan murgildu eta euren zerbitzua hobetzeko apustua egin duten establezimenduak saritu nahi izan dituzte gaurko ekitaldian. Diploma bana jaso dute, Behemendi Donostialdeko turismo lankidetzarako erakundeen eta establezimendu sarituen herrietako udal ordezkarien eskutik. Erakundeok, Behemendi, Udalak, eta alor honetako hainbat establezimendu halako ekimenekin eskualdean turismoa sustatzeko elkarlanean dabiltza. Donostia ondoko eremu hau ezagutzera emateko beharra eta inguruotan dugun eskaintzaren aberastasuna nabarmendu dituzte gaurko ekitaldian.
Hauexek dira, ziurtagiria jaso duten establezimenduak:
-Arraspine Nekazalturismoa, Astigarraga
-Altzibar-Berri Landetxea, Urnieta
-Barazar Landetxea, Usurbil
-Enbutegi Nekazalturismoa, Urnieta
-Montefrio Nekazalturismoa, Urnieta
-Arrobi Ostatua, Hernani
-Babes Ostatua, Urnieta
-Oianume Ostatua, Urnieta
-Aginaga Hotela, Usurbil
-Txertota Jatetxea, Andoain
-Ibai-Lur Jatetxea, Astigarraga
-Roxario Jatetxea, Astigarraga
-Errioguardaenea Jatetxea, Hernani
-Saretxo Jatetxea, Hernani
-Iturralde Jatetxea, Hernani
-Oianume Jatetxea, Urnieta
-Gurutzeta Sagardotegia, Astigarraga
-Petritegi Sagardotegia eta Upeltegia, Astigarraga
-Iretza Sagardotegia, Astigarraga
-Iparragirre Sagardotegia eta Upeltegia, Hernani
-Itxas-Buru Sagardotegia, Hernani
-Aginaga Sagardotegia, Usurbil
-Saizar Sagardotegia, Usurbil
-Aralar Pintxo-taberna, Hernani
-Kixkal Pintxo-taberna, Hernani
-Sagardoetxea Museoa, Astigarraga