Bost urte bete berri dituen Kantu Taldearen entsegu saio eguna dugu gaur. Asteartero biltzen baitira, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan. Eta gero hilean behin, kantu-jira ospatzen dute. Datorrena, larunbat honetan, otsailaren 22an izango da. Ohi bezala, iluntzeko 19:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik.
Bosgarren urteurrenaren harira, Kantu Taldeko kide Susi Elosegi elkarrizketatu genuen NOAUA!n. Eta aurrera begira antolatu asmo dituzten kantu saioetan, herriko musikariak ere parte hartzera animatzen zituen. "Gustatuko litzaidake, musika instrumentuak jotzen dituen herriko jendeak parte hartzea. Jende heldua animatuko nuke, gustatuko litzaidake musika instrumentuak ekartzea nota batzuk jotzeko. Musika eskolarekin instrumentu gehiago izango dituen taldea osatzea. Bestetik, beste erronka; kantu giro hau jende gehiagori kutsatzea nahi nuke", adierazi zion Elosegik NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.
Musika instrumenturen bat jotzen dabiltzan herritarrak badira Usurbilen. Inor animatzen bada, asteartetako entsegu saioetara edo datorren otsailaren 22ko kantu-jirara agertu liteke. Iluntzeko 19:00etarako, Mikel Laboa plazara.