Udarregi Ikastola, eta Zubietako eta Aginagako Eskola Txikiek, Usurbilgo Inauteri Festa egunaren bezperan ospatuko dituzte euren jaialdiak, otsailaren 28an. Udarregikoen kasuan, goiz parterako iragarri dituzte jendaurreko ekitaldiak. Lehen Hezkuntzakoek Kaxko inguruan desfilatuko dute, goizeko 10:00etatik aurrera. Eta ordubete beranduago amaituko dute ibilbidea Oiardo Kiroldegian. 6-12 urte arteko ikasleak eta ziklo honetako irakasleak, Agerialde eraikinetik jaitsitako Haur Hezkuntzakoekin eta DBHkoekin topo egingo dute. Denek batera, urteroko inauterietako ikuskizuna eskainiko dute Kiroldegian.
Ekimen hau antolatzeko, atzean dagoen elkarlana nabarmentzen dute ikastolatik. "Ikasleek eta irakasleek ikuskizun honetarako prestatzen ematen duten denbora oso baliagarria izaten da guztiontzat, plastika, musika, dantza, koreografia eta garrantzitsuena, antolaketa, guztion lana izaten baita. Urteko une berezi bat da Inauteria eta Udarregi ikastolako ikasle eta irakasle guztiok hartzen dute parte ospakizun honetan, baita Udarregiko txikienek ere, haur eskolakoek, beren eraikinean ospatzen dute egun berezi hau", berri eman dute.
Antolatzaileek aurreratu dute jada, maila bakoitzeko ikasleak zertaz mozorrotuko diren:
-HH 3-5: zaku eta buruko koloretazko kukurutxoekin.
-LH: itsasoz. Bale arrantzalez, olagarroz, soroslez, piratez...
-DBH 1,2,3: komikietako pertsonaiez.
Txarangak, Aginagan eta Zubietan
Eskola Txikietan ere izango da mugimendua, otsailaren 28an. Mozorro festarako gaia erabakia dute, bai Zubietan, baita Aginagan ere; txaranga taldeak osatuko dituzte. Aginagan, ikasle, maisu eta gurasoak kalejiran irtengo dira bazkalostean, musika instrumentu eta jantzi koloretsuekin. Gero, txokolate jan gozoa izango dute. Zubieta Eskola Txikikoak ere, txarangaz mozorrotuta desfilatuko dute.
Hitzordu guztiok jendaurrekoak izango dira. Haur Eskolan, ekitaldi publikorik egingo ez duten arren, ospatuko dute mozorro festa. 2 urtekoak Eguneko Zentrora bisitan joatekoak dira. Eta mozorrotu eta dantzan aritzeko tartea ere hartuko omen dute otsailaren 28an. Honatx, Usurbil, Aginaga eta Zubietako ikasleen mozorro festari loturiko egitaraua:
Otsailak 28, ostirala
Udarregi Ikastola:
Haur Eskolan: mozorrotuta dantza egingo dute gelan eta 2 urtekoak Eguneko Zentrora bisitan joango dira.
10:00 Lehen Hezkuntzako ikasleen desfilea.
11:15 HH, LH eta DBHko ikasleen emanaldia Oiardo Kiroldegian.
Aginagako Eskola Txikia:
14:30-16:00 Kalejira, txarangaz mozorrotuta. Ondoren, txokolatada.
Zubietako Eskola Txikia:
Txarangaz mozorrotuko dira.