Lehenengoa ostiral honetan; bat bateko heriotzak saihesteko prestakuntza saioa, 16 urtetik gorako Usurbil FT-ko kideentzat. Bigarrena, martxoan izango da, adinekoen zaintzaileei zuzendua egongo da. Bi ekimen berri hauen inguruko zehaztasunak segidan:
Usurbil FT-koentzat
Otsailaren 2an, Tolosa futbol taldeko jokalari Urtzi Gurrutxaga bihotzekoak jota hil zen Donostiako Berioko futbol zelaian, ohorezko mailako partida bat jokatzen ari zirenean. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu eta Donostia Ospitalera eraman zuten arren, hil egin zen. Halako bat bateko heriotzak saihesteko, kirol instalakuntzetan desfibrilagailuak jartzea eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira. Eta guneotako langileentzako ere, horrelako egoeretan nola jokatu jakiteko prestakuntza jasotzea eskatzen dute.
Gertaera guztion harira, Usurbil FT-k DYArekin batera, gai honi loturiko prestakuntza saio bat antolatu dute, ostiral honetarako, otsailaren 21erako, iluntzeko 19:00etatik 21:00etara DYAko egoitzan. Doakoa izango den ikastaroa, 16 urtetik gorako jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideei zuzendua dago. Interesdunek, Usurbil FT-ren Haraneko egoitzan eman beharko dute izena. Ikastaroan parte hartzeko aldez aurreko osasun ezaguerarik izatea ez da beharrezkoa izango.
Kanpoko Desfilibragailu Erdi Automatikoa erabiltzen eta bihotz biriken suspertzea egiten ikasi ahal izango dute ikastaroko parte hartzaileek. Modu praktiko, erraz eta sinplean. Prestakuntza saio hau giltzarria izan liteke, kirol neurketetan bat batean gertatzen diren ezbeharren aurrean erreakzionatzeko. DYA-tik gogorarazten dutenez, “jakin behar duzu, egoera larri jakin batzuetan, denborak berebiziko garrantzia duela eta suspertze teknikak berehala egiten hasteak biziraupen aukerak %70era igo ditzakeela”.
Adinekoen zaintzaileentzat
Martxoaren 17tik 21era antolatu du DYA-k "Zahartzea: zaintza eta autobabesa. Teoriatik praktikara" izeneko ikastaroa. Ekimena, adinekoen senide eta zaintzaileei zuzendua dago. Saioak, aipatu moduan, martxoaren 17tik 21era, egunero eta goizez, 9:00etatik 13:00etara. Matrikularen prezioa, ikastaroko eduki guztiak biltzen dituen eskuliburua barne dela, 110 eurotakoa izango da. Plazak mugatuak izango dira, "irakatsitako prestakuntzaren kalitatea bermatzeko asmoz". Izen emateko edo argibide gehiago, 943 46 46 22 telefono zenbakian.
Hautemate sentsorialak, sexualitatea, sendaketa bat nola egin, etxebizitza seguruagoa izan dadin nola moldatu edo larrialdi egoeretan nola erantzun ikasiko dute, ikastaroko parte hartzaileek. Ezbeharren bat jasateko aukera gehiago dutenez, "murrizketa sentsorialak edo mugikortasunekoak dituzten pertsona nagusien istripuak saihesteko oinarrizko ezagutzak ikasiko dituzte" baita. Guztia, teoria eta praktika uztartuta, modu erraz eta entretenigarrian. Ikastaroan izen emateko, ez da derrigorrezkoa aldez aurretik osasun ezaguerak izatea.