Martxoko lehenengoa, asteburu mugitua izango dute Hurbilago Elkarteko kide diren Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernek. Martxoaren 1ean, Erdi Aroko Inauteri Festan murgilduko dira eta biharamunean, Tipi-Taparen hamahirugarren edizioa ospatuko dute. Asteburu horri begirako prestaketa lanetan dira jada tabernariak; eurak Erdi Aroz nola mozorrotu eta taberna ere nola dekoratu, lanotan buru-belarri dabiltza asteotan.
Emaitza, martxoaren 1ean ikusi ahal izango dugu. Inauteri Festa egun horretan, gogoan izan, bi kalejira ospatuko dira; lehenengoa eguerdi partean, erraldoiekin eta bigarrena iluntzean, Burrunbazale txarangako kideekin. Bi kalejiren geltoki izango dira Tipi-Tapako zazpi edaritegiak; Txiriboga, Aitzaga, Xarma, Txirristra, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldun.
Burrunbazalekoen eskutik, Gaztetxean amaituko da iluntzeko kalejira. Afalorduan, afaltzeko tokian. Inauteri Festako otordua Alkartasuna Kooperatiba ohian zerbitzatuko dute eta. Gogoan izan, afaritarako txartelak salgai egongo direla otsailaren 26ra arte. 13 eurotan eskura daitezke, NOAUA!ko egoitzan, Txiribogan eta Irratin. Gaztetxeko afarira, mozorrotuta agertzea ezinbestekoa izango da.
Oilasko pintxoak, ajea gainditzeko
Ohi bezala, goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da martxoaren 1eko Inauteri Festa. Zazpi tabernok, ordu gutxira prest beharko dute guztia, biharamunari ekiteko; biharamunean, martxoaren 2an, Tipi-Tapa ekimenaren hamahirugarren edizioa ospatuko baita. Oraingoan, egitasmo honen partaideetako sukaldeetatik oilaskoz eginiko pintxo goxo askoak zerbitzatuko dituzte. Ohi bezala, edari eta guzti 2 euroren truke. Hilero moduan, martxoko edizioan ere, 150 euroko erosketa balea zozketatuko da, Tipi-Tapa txartela behar diren zazpi zigiluekin osatu eta zozketarako kaxetan utzi dituzten herritarren artean. Saritua, martxoko lehen igandean 15:00etan Bordatxon ospatuko den zozketan jakinaraziko da. Gainerakoek, txartelak ondo gorde apirileko Tipi-Taparako.
Inauteri Festarekin, eta Tipi-Tapa egitasmoarekin, atseden hartzeko tarte handirik ez dute izango tabernariek, martxoko lehen asteburuan.
INAUTERIETARAKO AGENDA
Otsailak 25, asteartea
18:30 Zumarteko Kantu-Kantari Taldearen eta Zumarte Abesbatzaren inauterietako kontzertua Sutegin.
Otsailak 28, ostirala
Udarregi Ikastola:
Haur Eskolan: mozorrotuta dantza egingo dute gelan eta 2 urtekoak Eguneko Zentrora bisitan joango dira.
10:00 Lehen Hezkuntzako ikasleen desfilea.
11:15 HH, LH eta DBHko ikasleen emanaldia Oiardo Kiroldegian.
Aginagako Eskola Txikia:
14:30-16:00 Kalejira, txarangaz mozorrotuta. Ondoren, txokolatada.
Zubietako Eskola Txikia:
15:00 Ikasle eta irakasleek gurasoekin kalejira, txarangaz mozorrotuta; Alamandegi, frontoia eta Barazarretik barrena. Eskolan amaituko da.
Martxoak 1, larunbata
12:00 Erraldoi txiki eta handien kalejira, dultzaineroek lagunduta.
16:30 Karaoke Festa Gaztelekuan (Mozorrotuta etorri!!!).
18:00 Burrunbazale txarangarekin, kalejira Usurbilgo Gaztetxetik abiatuta.
21:30 Afaria Usurbilgo Gaztetxean. Ezinbestekoa mozorrotuta agertzea. Txartelak salgai 13 eurotan, NOAUA!n, Txiribogan eta Irratin, otsailaren 26ra arte.