Organikoa eta erreusa tratatzeko planta bana eraikitzea aurreikusten ditu Foru Aldundiak Zubietan, eta aipatu moduan, 2015. urtea agurtzerako funtzionamenduan izango dira, Diputaziotik berri eman dutenez. Azpiegitura hauek lanerako zer nolako gaitasuna izango duten ere zehaztu dute. 20.000-30.000 organiko tona tratatzera ailegatu ahal izango da konpostatze planta, "baina malgutasun kontzeptuaren barne, handitu egin lezake ahalmen hori, fluxuen bilakaerari behar bezala erantzuteko".
Erreusa berriz, dakigun moduan ez da erraustuko. Errausketaren bidea, iraganeko kontua da jada. Etorkizunera begira, gipuzkoarrek sorturiko hondakin zati hau, Zubietan eraikiko den tratamendu mekaniko-biologikorako plantara garraiatuko da. "170.000 tona erreus ere jaso ahal izango ditu urtean", Aldunditik adierazi dutenez. Ordurako, herrialde mailan sortuko den erreus kopururako nahikoa izango dela kalkulatzen dute Diputaziotik. Tratamendu planta hau eraikitzen denerako, Gipuzkoan 130.000 tona erreus sortuko dela aurreikusten baitute.
Helburua, hondakin zati guztiak tratatzea
2015a agurtzerako, edo hobeto esanda, 2016a hasterako hiru erronka nagusi bete nahi ditu Aldundiak; egun zabalik jarraitzen duten Urteta, Lapatx eta Sasietako hiru zabortegi kutsagarriak itxi, azpiegitura berriak martxan jarri eta Gipuzkoako gaikako bilketa %60raino igotzea. Ehuneko horren arabera, gipuzkoarrek sortutako hondakinetatik, 195.000 tona gaika bilduko dira. Tona guztiok planta hauetan tratatuko dira: paper eta ontzi arinen zentroetan, baita ordurako funtzionamenduan egongo diren herrialdeko hiru konpostatze plantetan ere. Hondakin zati guztiak tratatzeko azpiegiturak eraikiko dituzte.
Aipatu moduan, konpostatze planta hauetako bat Zubietan eraikiko da eta 20.000-30.000 tona organiko tratatzera ere ailegatuko da. Bestea eraikitzen ari dira jada Epelen, Bergaran. Urte amaierarako lanean hastea espero duten gune honetan, 10.000 tona organiko tratatuko dira urtero. Egun zabalik dagoen Lapatxeko plantak, beste 3.500 tona organiko tratatuko ditu.
Erreusaren zati bat ere berreskuratuko da
Gipuzkoarrek sorturiko erreusa berriz, Zubietako tratamendu mekaniko-biologikorako plantara eramango da. Urtean 170.000 tona ere jaso ahal izango omen ditu plantak. "Tratamendu mekaniko-biologikoaren bidez materiaren zati bat berreskuratuko da, gero konpostatu edo birziklatzeko, eta kenduko dira airera doazen isurkin kutsagarriak (gasak) nahiz lur azpira doazenak (lixibatuak). Horrela, berreskuratu ezin diren hondakinak (65.000 tona) bizigabetu egingo dira, eta ez dute ez usainik ez kutsadurarik sortuko", argitu dute Aldunditik.
Berreskuratu ezin diren hondakinak bizigabetuko dituzte eta materia bizigabe hau gordailu batera eramango da. Aurten erabakiko da aipatu gordailuaren kokagunea, "Lurraldearen Arloko Plana aldatzeko prozesuan, eta balizko hainbat aukera aztertu ondoren, legeak agintzen duen moduan. Bizigabeen gordailua ere 2015. urte amaieran hasiko da lanean".
Tratamendu planta guztioi esker, 100 bat lanpostu zuzen sortuko direla aurreikusten dute Aldunditik. Eta erraustegia eraikitzeak eragingo zituen gastuak lau aldiz murriztuko dira azpiegitura berriokin: "Foru proiektutan jasotzen den azpiegituren kostu osoa 131 milioi euro izango da (erraustegiaren 400 milioi euroren aldean)".
DATAK
Zabortegien itxiera noizko?
-Urtetakoa (Zarautz): 2014ko abenduaren 31n.
-Lapatxekoa (Azpeitia): 2015eko apirilean.
-Sasietakoa (Beasain): 2015. urte amaieran.
Konpostatze planta berriak noizko?
-Zubietakoa: 2015. urte amaierarako funtzionamenduan.
-Lapatxekoa (Azpeitia): funtzionamenduan jada.
-Epelekoa (Bergara): 2014. urte amaierarako funtzionamenduan.
Erreusaren tratamendu mekaniko-biologikorako planta noizko?
-Zubieta: 2015. urte amaieran.
(oharra: planta honetatik berreskuratu ezin diren hondakinak, bizigabetu eta gordailu batera eramango dira. Gordailuaren kokalekua aurten erabakiko da, 2015. urte amaierarako martxan egongo da).
GIPUZKOAKO HONDAKINEN KUDEAKETA, 2016. URTEA HASTERAKO:
-Lapatx, Sasieta eta Urtetako zabortegi kutsagarriak itxita.
-Gipuzkoako gaikako bilketa, %60ra igota. 195.000 tona gaika bilduko dira, eta 130.000 tona erreusa izango dira.
-Gaika bildutakoa, %100ean tratatzeko:
-Paper eta ontzi arinentzako 2 planta.
-Organikoarentzat, hiru konpostatze planta: Zubietakoa (20.000-30.000 tona tratatuko ditu),
Lapatxekoa (urtean 3.500 tona tratatuko ditu) eta Epelekoa (10.000 tona tratatuko ditu).
-Erreusarentzat, tratamendu biologiko-mekanikorako planta Zubietan: urtean, 170.000 tona tratatzeko gaitasuna.
-Materia bizigabearentzako gordailua: 65.000 tona tratatzeko gaitasuna. Kokagunea aurten erabakiko da.
-4 transferentzi estazio.
-20 Garbigune.
ERAGIN EKONOMIKOA
-Azpiegitura hauen kostua 131 milioi eurokoa izango da (errauste plantak 400 milioi euroko kostua zuen).
-100 bat lanpostu zuzen sortuko dira.
Datu guztiok txosten batean bildu ditu Aldundiak. Helbide honetan kontsulta dezakezue:
http://gipuzkoaberri.net/WAS/CORP/DPDOficinaPrensaDigitalWEB/nota/eu/1278/zabortegirik-gabeko-gipuzkoa-eraiki-nahi-du-foru-aldundiak