2016rako Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako gune nagusia izango da Zubieta. Hala adierazi dute Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko ordezkariek, Zarauzko Urteta zabortegian goizean eskaini duten prentsaurrekoan. Ekitaldian, erraustegia kanpo uzten duen hondakinak tratatzeko etorkizuneko azpiegitura sarea aurkeztu dute. Gogorarazi duten moduan, jada, "Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorrean (edo PIGRUGean) eta baita honen Aurrerapen Dokumentuan ere" jasoa dagoen egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Azpiegitura sare honek, gipuzkoarrok sorturiko hondakinen ehuneko ehuna tratatuko du. "Material birziklagarri guztiak berreskuratuko dira, gaikako bilketa bidez jasotako materia organikoa konpostatuko da eta garbitasun gutxiko materia organikoa eta errefus birziklaezina egonkortuko da", goizean Zarauzko agerraldian azaldu dutenez.
Azpiegiturok Europako Zuzentarauak zehazturiko Hondakinak Kudeatzeko Hierarkia zorrozki beteko dutela adierazi dute GHK eta Aldundiko ordezkariek. Guztira, 131 milioi euro inbertituko dituzte. Horietatik 71 milioi Zubietako Hondakinen Kudeaketa zentrora bideratuko dira; beste 8 milioi euro Epeleko (Bergara) konpostatze planta eraikitzera, eta 52 miloi euro gastatuko dira lur erosketetan, azpiegituren eguneraketa lanetan, transferentzia estazioan eta inerteen biltegian. Eta halere, errauste planta eraikitzea baino ia lau aldiz merkeagoa aterako da. Erraustegiak 400 milioi euroko gastua eragingo zuen eta. Azpiegitura sare honek, 131 miloi euro.
Planta moldagarriak
Zubietara etorrita, garaian garaiko errealitate eta beharrei erantzungo dieten plantak eraiki asmo dituzte. Batetik, hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako planta. "Azpiegitura hau moldakorra izango da, hau da, bilketa masiboaren bidez modu bereizigabean bildutako hondakin guztiak tratatzeko ahalmena izango du, gaur eguneko errealitateari erantzuteko, baina gaikako bilketak gora egiten duenean, planta arazorik gabe egokitu ahal izango da", berri eman dute.
Bereizi gabe bildutako hondakinak eta gaikako bilketa burutzen duten udalerrietako erreusa tratatuko dira gune honetan. Urtean guztira, 170.000 tona hondakin tratatzeko gaitasuna izango du. Planta honek izango duen tratamendu prozesua ere zein izango den azaldu dute. Lehenik, "bereizi gabeko hondakinen material aprobetxagarriak berreskuratzea, tratamendu mekaniko baten bidez. Hemen metalak, beira, plastikoak, papera, egurra eta antzeko materialak berreskuratuko dira".
Hortik, 95.000 tona organiko zikin ere aterako dira. Organiko zikin hau, Zubietan bertan eraikiko den konpostatze plantan tratatuko da. "Lehortu eta egonkortu ondoren 30.000 tonatara jaitsiko da. Material hau ezin da ongarri gisa merkaturatu, baina kaltetutako eremuak berreskuratzeko edo zabortegiak estaltzeko balioko du", Zarautzen adierazi dutenez. 30.000 tona horiek, hondakin inerteen biltegietan gordeko dira. Eta GHK-tik ohartarazi dutenez, "erreus egonkortu hori ez da ustelduko, ez du usain txarrik emango, ez du lixibiaturik sortuko, eta noski, ez ditu arratoiak eta kaioak erakarriko".
Zubietako konpostatze plantak, gaikako bilketatik jasotako organikoa ere tratatuko du. Tratamendu horri esker, A+ kalitatedun ongarria eskuratu eta merkaturatu ahal izango da.
Gaikako bilketa bultzatu behar
Azpiegitura sare berri honekin, Gipuzkoak emango duen aldaketa nabarmendu dute GHK eta Aldundiko ordezkariek, Urtetako zabortegian. "Zubietako zentroa martxan dagoenean, Gipuzkoan sortzen den hondakin guztiari emango zaio irtenbide, eta honen ondorioz azken zabortegi kaltegarri eta kutsakorra behin betirako itxi ahal izango dugu". Horretarako ordea, gaikako bilketari lehentasuna eman behar zaiola diote, "gaikako bilketa baino ekimen eraginkorragorik ez baitago hondakinak berreskuratzeko".
ZUBIETAKO HONDAKINEN ZENTROA
Gastua
71 milioi euro.
Eraikitze lanen iraupena
Hasiera: 2014ko azaro amaieran, "proiektua osatzeko eta lursailak egokitzeko epeak" igaro ostean.
Bukaera: 2015eko udazkenean.
Azpiegiturak
-Tratamendu mekaniko-biologikorako planta.
-Konpostatze planta.
Berezitasunak
-Azpiegitura moldagarriak izango dira. Garaian garaiko beharretara egokitu ahal izango dira.
Hondakinak birziklatzeko gaitasuna
-Tratamendu mekaniko-biologikorako plantan:
15.000-20.000 tona ontzi arin eta plastiko.
10.000-15.000 tona paper eta kartoi.
8.000-10.000 tona beira.
-Konpostatze plantan: gaikako bilketatik jasotako organikotik A+ kalitateko konposta egin eta ongarri gisa merkaturatuko da. Tratamendu Mekanikoko plantatik jasotako organiko zikina tratatuko da baita. Eremu hondatuak berreskuratzeko erabiliko da.