2015a amaitzerako mapa berria izango du Gipuzkoako hondakinen kudeaketak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 20a, 00:00

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak datozen urteotan emango duen aldaketaren mapa duzue ondokoa. Borobil gorri baten barruan ixa batez markatuak agertzen dira, egun funtzionamenduan izan eta 2015. urte amaierarako itxiko dituzten hiru zabortegiak; Zarauzko Urteta, Azpeitiko Lapatx eta Beasaingo Sasietako zabortegiak. Zabortegiok ixterako, gipuzkoarrok sorturiko hondakin zati guztiak tratatuko dituen azpiegitura sare alternatiboa eraikita egongo da. Ondoko mapan dituzue, zabortegiak ordezkatuko dituzten hondakinak kudeatzeko gune berriak zeintzuk izango diren; Bergarako Epele, Azpeitiako Lapatx, eta hondakinak kudeatzeko zentro edo gune nagusi izango den Zubieta. 

2015a amaitzerako gune berri guztiok martxan behar lukete. Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzo hedabideen aurrean aurkezturiko proiektuak 131 milioi euroko kostua du, erraustegiak eragingo lukeen gastuaren herena. Erraute plantak 400 milioi euro kostako baitzen. Honez gain, 100 lanpostu zuzen sortuko direla aurreikusten dute Aldunditik. Toxikoak izango ez diren instalakuntza guztiok garaian garaiko Gipuzkoako errelitatera egokitu ahal izango direla adierazi dute.

Hondakinak kudeatzeko guneotako bakoitzean, Zubietan, Azpeitian eta Bergaran, gipuzkoarrok sorturiko hondakinen ehuneko ehuna tratatu eta ahalik eta gehien birziklatzeko instalakuntzok eraikiko dituzte:

ZUBIETAKO HONDAKINEN ZENTROA

Gastua
71 milioi euro.

Eraikitze lanen iraupena
Hasiera: 2014ko azaro amaieran, "proiektua osatzeko eta lursailak egokitzeko epeak" igaro ostean.
Bukaera: 2015eko udazkenean.

Azpiegiturak
-Tratamendu mekaniko-biologikorako planta.
-Konpostatze planta.

Berezitasunak
-Azpiegitura moldagarriak izango dira. Garaian garaiko beharretara egokitu ahal izango dira.

Hondakinak birziklatzeko gaitasuna
-Tratamendu mekaniko-biologikorako plantan:
     15.000-20.000 tona ontzi arin eta plastiko.
     10.000-15.000 tona paper eta kartoi.
     8.000-10.000 tona beira.

-Konpostatze plantan: gaikako bilketatik jasotako organikotik A+ kalitateko konposta egin eta ongarri gisa merkaturatuko da. Tratamendu Mekanikoko plantatik jasotako organiko zikina tratatuko da baita. Eremu hondatuak berreskuratzeko erabiliko da.

EPELE (BERGARA)
Azpiegiturak: konpostatze planta.
Eraikitze lanen iraupena: lanak hasita. 2015eko urtarrilean martxan egongo da.
Gastua: 8 milioi euro.
Hondakinak birziklatzeko gaitasuna: urteko, 10.000 tona bio-hondakin. 

LAPATX (AZPEITIA)
Azpiegiturak: konpostatze planta.
Eraikitze lanen iraupena: eraikia, funtzionamenduan jada.
Hondakinak birziklatzeko gaitasuna: 14.000 tona inguru organiko urteko.

GORDAILUA MATERIA BIZIGABEARENTZAT
Azpiegitura: gordailua.
Kokagunea: erabakitzeke, aurten erabakiko dute.
Funtzioa: gerakinentzako biltegia. 


Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan gauzatu asmo duen plangintzaren inguruko informazioa, hemen:
http://gipuzkoaberri.net/WAS/CORP/DPDOficinaPrensaDigitalWEB/nota/eu/1278/zabortegirik-gabeko-gipuzkoa-eraiki-nahi-du-foru-aldundiak