Joan Mari Torrealdaik, Jakineko zuzendaritza taldea utziko du

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 20a, 00:00

Torrealdaik bakarrik ez, baita azken 37 urteotako zuzendaritza taldea osatu duten gainerako kideek ere; Joseba Intxaustik, Joxe Azurmendik eta Paulo Agirrebaltzategik. Zuzendaritza utziko dute bai, baina bigarren plano batetik lekukoa hartuko duten kide berriak laguntzen jarraitu asmo dute. Maiatzean aurkeztuko du Jakinek zuzendaritza talde berria eta iragarri dutenez, Fundazio egitura hartuko du 58 urte dituen aldizkariak. Atzo aurkeztu zuten hain zuzen, itxura berri eta guzti Jakin aldizkariaren 200. zenbakia. Aldizkaria bakarrik ez, web gunea ere berritu asmo dute. 

Aldizkariko zuzendari Joan Mari Torrealdaik 200. zenbakiaz eta erreleboaz hitz batzuk idatzi ditu. "Jakinkide historikook hil arte Jakinen jarraituko badugu ere, gidaritza belaunaldi berri batek hartuko du. Udaberrian egin nahi dugu errelebo hori, maiatzean. Espero dezagun euskalgintzak asmo eta egitasmo horiek ulertu, sustatu eta bultzatzea", adierazi du Joan Marik. 2014a Jakinentzat urte erabakigarria izango dela dio Torrealdaik, "aldaketaren urtea da. Hasteko eta behin, Jakin fundazio bihurtu dugu; hau da, kultur elkartea eta elkarte mugatua, biak desegingo dira fundazioa sortzeko". Honez gain, aldizkaria berritu dute. "Aldizkari analogikoa eta digitala aldi berean kaleratzen dira eta elkarri lotuta guztiz. Irisgarritasunean eta irakurgarritasunean urrats bat gehiago eman nahi izan dugu", dio Torrealdaik.

Jakin.eus
Eta berrikuntza gehiago ere iragarri ditu; web gunearena esaterako. "Ez da biltegi bat, bizitza propioa izango du. Areago, digitala lehenetsi dugu: ahal bezain laster jakin.eus bilakatuko gara eta berau izango da gure izarra. Berria eta oparoa nahi dugu. Hainbat atalez osatua dator: aldizkaria, liburu behatokia, argitalpenak, memoria, gogoeta eta biltegia. Mundu bat dago atalburu horietako bakoitzaren atzean, produktu ugari eta sendo. Guzti-guztiak ez dauzkagu prest oraintxe bertan, urte osoa hartu baitugu horretarako", adierazi du Jakineko zuzendariak.

Joan Mari Torrealdai Jakineko zuzendariak aldaketa eta berrikuntza hauen harira idatzi dituen hitzak, helbide honetan irakur ditzakezue: http://www.jakingunea.com/aldizkaria/artikulua/200-zenbaki-etorkizuna-iragana-baino-handiagoa/3123