Aginagako ondarea ezagutzera igandean

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 21a, 00:00

NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik. Goizeko 9:30etan finkatu dugu biltzeko hitzordua, paseoa abiatuko den gunean bertan; Aginagako Sariakolan. Handik abiatuko baita Aginagako ondarea ezagutzeko ibilbidea. Bidean, Jakoba Errekondo paisajistaren argibideak entzuteko parada izango da, eta noski, Aginagako herri ondarearen balioaz jabetu eta zerbait gehiago ikasteko aukera. Eguerdiko 13:00ak aldera arte luzatuko den ibilbidea, Aginagako Kaxkoan amaituko da. 

Igande goizeko 9:30etan Aginagako Sariakolan elkar ikusiko gara. Hara joateko, Lurraldebus zerbitzua baliatu dezakezue. Goizeko 9:00etan helduko da Donostiako autobusa, udaletxe ondora. Bueltatzeko ere orduro izango da autobus zerbitzua Aginagan. Edo nahi duenak, oinez ere egin dezake bueltako bidea, eguraldi ona iragarri baitute iganderako.

Giro ederra
Euskalmet agentziatik diotenez, "Igandean giro lasaia; hegoaldeko haizea eta eguerdi partean tenperatura atsegina. Giroa eguzkitsua izango da oro har, nahiz eta arratsaldean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango diren. Hego-haizea ibiliko da, egunaren lehenengo partean zakar eta arratsaldetik aurrera ahulago. Goizean goizeko tenperatura hotza izango da eta barnealdean izotza egingo du. Tenperatura maximoak aldiz, igo egingo dira eta giro nahikoa atsegina espero dugu ipar partean".

NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko herri ondarea ezagutzeko bigarren ibilaldia dugu igandekoa. Lehenengo saioa, joan den azaroko Kulturaldiaren baitan antolatu baikenuen. 30 bat laguneko taldea osatu zen orduko hartan, Kaxkoa, Santuenea, Urdaiaga edota Txokoalde lotu zituen irteerarako. Ibilaldi hura, Aginagan amaitu zen. Igande honetako paseoaren abiapuntu izango dena.