Otsaileko azken larunbata bihar, kantu-jira eguna beraz. Ohi bezala, bost urte bete berri dituen kantuzaleen bilgunekoak, iluntzeko 19:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. Bosgarren urteurrenaren harira, Kantu Taldeko kide Susi Elosegi elkarrizketatu genuen NOAUA!n. Eta aurrera begira antolatu asmo dituzten kantu saioetan, herriko musikariak ere parte hartzera animatzen zituen. "Gustatuko litzaidake, musika instrumentuak jotzen dituen herriko jendeak parte hartzea. Jende heldua animatuko nuke, gustatuko litzaidake musika instrumentuak ekartzea nota batzuk jotzeko. Musika eskolarekin instrumentu gehiago izango dituen taldea osatzea. Bestetik, beste erronka; kantu giro hau jende gehiagori kutsatzea nahi nuke", adierazi zion Elosegik NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.
Musika instrumenturen bat jotzen dabiltzan herritarrak badira Usurbilen. Inor animatzen bada, asteartetako entsegu saioetara (18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan) edo larunbat honetako, otsailaren 22ko kantu-jirara agertu liteke. Iluntzeko 19:00etarako, Mikel Laboa plazara.