Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren sortze lan prozesua azaltzen duen ikus-entzunezkoak irabazi du Bartzelonan amaitu berri den "Zinemaldia.cat" euskal zinemaldiko "Txapela d´Or", Urrezko Txapela. Epaimahaia osatu duten kideen, Joel Joan (aktorea), Aina Clotet (aktorea), Marc Recha (zuzendaria) eta Jordi Ambròsen (ekoizle eta zuzendaria) esanetan, ikus-entzunezko lan sarituak, Zumetaren nortasun baliotsua eta kamera aurrean, mantso gauzatzen doan margolanaren sakoneko indarra erakusten ditu. Enara Goikoetxearekin batera, usurbildar batek zuzendu zuen artista usurbildarraren sortze prozesuari buruzko dokumentala: Jose Luisen alaba Monikak.
"Izenik gabe 200x133" dokumentala duela astebete aurkeztu zuen Monikak berak, Bartzelonako Girona zinema aretoetan, eta otsailaren 13tik 22ra ospatu den Bartzelonako Euskal Zinemaldiaren baitan proiektatu zuten.
Dokumental hau, iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Gerora, azaroan NOAUA!k antolatu zuen Kulturaldiaren baitan, Udalarekin batera Sutegin antolatu zen ekitaldian ikusi ahal izan zen.
Sinopsia
Jose Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Alde batetik, artistaren alaba Monika Zumeta, eta beste aldetik, Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira dokumental honen zuzendariak. Bi zuzendarien arteko lanak eta grabaketa talde murriztu batek, abagune egokia sortu dute, artista grabaketa aparatuez ahaztu dadin eta bere lan metodologia naturaltasun osoz azaldu dezan. "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak, Jose Luis Zumeta artista modu zuzen batean ezagutzeko aukera ematen du, beharrezkoak ez diren apaingarriak kenduta "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioan parte hartu du, Zinemira sailean.
Oinatz Iparragirre, Euskal Zinemaldiko irudi
Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko "Zinemaldia.cat" ekimeneko aipamen berezia jaso du beste lan batek; Jorge Gil Munarrizen "Arrieta metodoak". Epaimahaiko kideen esanetan, Arrieta ahizpen kemen eredugarria nabarmentzen duen ezohiko istorio bat erakusten du lan honek.
Urrezko txapela irabazteko lehian aritu dira baita, otsailaren 13tik 22ra proiektatu diren beste hainbat lan ere; "Asier eta biok", “Euskara jendea”, “Umezurtzak”… Aipatu moduan ordea, bederatzigarren edizio honetako Urrezko Txapela udalerri honetara dator.
Usurbilek inoizko protagonismo handiena izan du amaitu berri den Euskal Zinemaldi honen edizioan. "Zinemaldia.cat" ekimena ere usurbildar batek iragarri baitu; Oinatz Iparragirre Arregi gazteak.
James Bond erara jantzita, abarka eta txapelarekin, euskal ukituko traje batekin ageri zen Oinatz, Euskal Etxeak antolaturiko ekimena iragartzeko kartelean. Zinemaldi honetako irudia izan da.