Igande honetan beteko du berregituratu zeneko lehen urteurrena, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea lehendakari duen Udalbiltzak. Duela hilabete, erakundeko ordezkariek udalbatza aretoan burutu zuten agerraldian iragarri bezala, larunbatean egin zuten udal hautetsien bilkura Ordizian. Bertan, datorren urteari begirako lan ildo nagusia finkatu zuen Udalbiltzak.
Azken urtean, lurralde garapenari eta kohesio sozioekonomikoari lehentasuna eman diote, aurrerantzean euskal herritartasuna izango dute jomuga. "Euskal Herritarrak gara" ekimenaren bidez landuko dute ildo hau. Martxoaren 10era arte, ekarpenak jasotzeko prozesu parte hartzaile bat burutzekoak dira udal hautetsien artean, "ondoren, Udalbiltzako Nazio Gobernuak ebazpena egin eta publiko egiteko. Martxo bukaeratik aurrera udaletxeetan eta hiri eta herrietan dinamikak gauzatzen hasi nahi dugu".
Ordiziako bilkuran, bideratu asmo dituzten dinamika posible hauek ere zeintzuk izan daitezkeen iragarri zuten. Interneten, udalek .eus domeinua hartzea euren webgunerako eta domeinu hori gizarteratu nahi dute. Bestalde, euskal ikurren erabilera sustatu nahi dute. Eta honez gain, Udalbiltzatik berri eman dutenez, "Euskal Herritartasuna publikoki adierazteko agiri ofizial baten sorrera sustatu nahi dugu, bere izapidetzea prestatu, erabilera bermatu, bidegarritasuna... Halaber, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien hizkuntz, kultur eta jatorri aniztasuna bermatu nahi dugu, eta teknologia aldetik agiri interaktiboa izatea bilatu".