Urko Aristi, TOKIKOM-eko lehendakari berria

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 24a, 00:00

NOAUA! Kultur Elkartea kide duen TOKIKOM erakundeko orain arteko lehendakari Mikel Irizarren lekukoa hartu zuen Aristik, tokiko hedabideen bilguneak larunbatean Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen komunikazio kanpusean burutu zuen Batzar Nagusian.

Bilkuran gainera, bi urtetako ibilbidea baloratu zuten. Urrats sendoak eman direla aipatu zen. Aurrera begira, egitasmoa sendotzea erabaki dute TOKIKOM-eko bazkideek. “Bi urteotan bide ona egin dugu, eta oinarri on bat jarri da TOKIKOMek aurrera egin dezan. Lehen txanpa indartsua izan da; orain egindakoa sendotu behar da eta epe ertaineko plan bat landu. Uste dut badagoela aukera euskal hedabideak lankidetzan jartzeko eta horretarako oso mesedegarria izango da TOKIKOM indartzea. Esku honetan geratzen da ontziaren lema”, adierazi du lehendakaritza utzi berri duen Mikel Irizarrek. 

Karguan lekukoa hartu berri duen Urko Aristiren esanetan, "Mailope bezelako elkarte txiki baten ordezkari naizen heinean ongi aski dakit zein beharrezko den denak elkartu eta sinergiak sortzea. Eta filosofia horretan kide guztiak bat datozenez, badakit marinel guztiak norabide berdinean arituko direla eta lan erreza izango duela patroiak. Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bidearekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz. Zentzu horretan pozik nago bereziki Nafarroan agerkari digital zein euskerazko telebista berriaren asmoak aurki gauzatu, eta trabak traba, amets izatetik errealitate bihurtzeko bidean direlako".

Hedatzen jarraitzekotan
Lehendakaritza aldaketaz gain, TOKIKOM-eko Administrazio Kontseilua ere handitu egin dute, zortzi lagunetik 12ra, "organoaren errepresentatibitatea eta bazkideekiko komunikazioa hobetu asmoz". Aurrera begira, erakundearen garapen ildoak eta negozio eredua definitu nahi dira eta egindako gogoeta epe ertaineko plan batera ekarriko da. 

Bilguneak hedatzen jarraituko du, helburuokin: "toki komunikabideen bateratzea eta eraginkortasuna areagotzea, alde batetik, eta bestetik herritarrak eta gizarte erakundeak aktibatzea informazioaren sortzaile ere izan".

TOKIKOM SL 2012an sortu zuten 20 toki komunikabidek, eta gaur egun Euskal Herri osoko 27 eragilek osatzen dute. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osatzen dute. Sarea handitzekotan da, bospasei zonaldeetan agerkari berriak martxan jarriko direla aurreikusten baitute TOKIKOM-etik.