Zinegotzi berri baten parte hartzearekin ekingo diote astearte honetarako, otsailaren 25erako deitua dagoen hileroko osoko ohiko bilkurari. Gogoan izan, EAJ-PNV-ko udal ordezkari Andoni Atxegak zinegotzi kargua utzi zuela aurreko osoko bilkuran. 2011ko udal hauteskundeetara jeltzaleek aurkeztu zuten zerrendan bigarrenak ordezkatuko du Atxega, legegintzaldiko azken txanpa honetan; Josune Urkola Larrartek. Gaur arratsaldeko 18:00etan hasiko den osoko ohiko bilkuran hartuko du zinegotzi kargua.
Denbora luzez lan uzteetan murgilduak dauden Urnieta eta Irungo IAT-ITVko langileak izango dira osoko bilkurako beste protagonistak. Lantokian bizi duten gatazkari loturiko mozioa aurkeztuko baitute gaur, udalbatzak onartu dezan.
Udalerri barruko kontuetara itzulita, beste bi kontu gaurko osoko bilkurako gai zerrendan; arau subsidiarioak eta Mendekotasun Prebentziorako Usurbilgo I. Udal Plana:
1-Josune Urkola Larrarte andreak zinegotzi kargua hartzea.
2-Aurreko bilkurako aktaren onespena:
-2014/01/28ko ohiko bilkura.
3-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2014ko urtarrilaren 18tik otsailaren 14ra: 2014/0059-2014/0132.
4-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 (Txagañeta) Sektoreko Ezaugarri Fitxaren Aldaketa (10 Aldaketa) Puntualaren hasierako onespenerako dokumentuari aurkeztutako alegazioak erantzutea eta behin behingo onespena ematea.
5-Mendekotasun Prebentziorako Usurbilgo I. Udal Plana (2013-2017) onartzea.
6-Galderak, eskaerak eta mozioak:
6.1.-Mozioa:TÜV Rheinland Iberica S.A. enpresako lan gatazka, IAT-ITV Urnieta eta Irun.