Belate-Arraras mendi irteerarako izen ematea irekita

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 25a, 00:00

Martxoaren 9rako antolatu dute irteera, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeko kideek. Goizeko 7:00etarako jarri dute abiatzeko hitzordua, Oiardo Kiroldegian. Joan etorria autobusez egingo denez, aurrez eman beharko da izena. Martxoaren 5a baino lehen egin beharko dira ordainketak, Kutxabankeko kontu zenbaki honetan: 2095 5069 07 1068489805. Andatzako bazkide eta langabetuek 12 euro ordaindu beharko dituzte. 15 euro gainerakoek. Plaza mugatuak izango direnez, lehentasuna Andatza MKT-ko kideek izango dute. Ohar gehiago: otordua ibilbidea amaitutakoan egingo da, janaria norberak eraman beharko du eta edaria antolatzaileen esku.

Belate-Arraras arteko bidea 23 kilometrotakoa da, 6 orduren bueltan osatzeko modukoa. "GR 12 edo Euskal Herriko ibilbidea delakoa Euskal Herria alderik-alde zeharkatzen duen ibilbidea da. Martxoaren 9an, GR-12aren zatia ezagutzeko aukera izango dugu, Belatetik Arrarasera doan zatia hain zuzen. Elzaburuko galtzada, eta Ultzamako basoak eta pagadiak zeharkatuko ditugu", berri eman dute Andatza Mendizaleen Kirol Taldetik. 

Informazio eta argibide gehiago: http://www.andatzamendizale.info/