Altitoy probaren ostean, III. Bander-Karolo memorialean parte hartu zuten hiru usurbildarrek; Harkaitz Iparragirrek, Andoni Udabek eta Imanol Zarautzek, otsailaren 15 eta 16ko asteburuan. Mendi eskiko Euskal Herriko banakako eta krono igoera txapelketak jokatu zituzten. NOAUA!ri berri eman diotenez, “Larunbatean Belaguako inguruetan (Lakora mendiaren inguruan) egin zuten lasterketa eta 1.700 metro desnibel positiboei egin behar izan zieten aurre eskiatzaileek. Ibilbide oso polita ezarri zuten eta sei igoera egin behar izan zituzten partehartzaileek. Hainbat igoera, mendiko ertz eta korredoreak pasa ostean hiru usurbildarrek ibilbidea amaitzea lortu zuten. Eguraldia eta elurraren baldintza onak baliatuz jaitsiera politak egin zituzten, bezperan, elur pixka bat egin baitzuen eta ibilbide zoragarria geratu zen”.
Karoloren omenez
“Igandean berriz, Lintzako aterpetxetik (Paso del caballo deituriko ingurutik) Gamuetarainoko kronoigoera egin zen, 970 metro desnibel positiboa gainditu behar zelarik. Ibilbide gogorra bezain polita izan zen eta berriro eguraldiak lagun, egun polita pasa zuten. Igoera ez zen teknikoa baina bai malkartsua eta egindako denborek erakusten dute egindako esfortzua. Asteburu ederra pasatzeaz gain, Karolo omentzeko (2013ko uztailean hil zen mendiko istripu batean) modurik onena izan zen. Berak nahi zuen moduan Euskal Herriko txapelketa bat berak nahi zuen lekuan antolatuz eta gozatuz. Euskal mendizale federazioak ere bere laguntza eskaini zuen memorial hau antolatzeko orduan eta bertan izan ziren”.