Asteartea gaur, Kantu Taldekoak entseatzeko bilduko dira, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako musika gelan. Hilabete honetako kantu-jira ospatu berri dute, eta orain, datorren hilerako antolatu duten ekimen berezirako prestatzen ari dira; martxoaren 13 eta 14an Usurbilen ospatuko den Euskal Herria eta Korsikaren arteko topaketarako. Gonbidatu bereziak izango ditugu gurean; L ´Arcusgi korsikar musika taldea. Emanaldia eskainiko dute Usurbilen, eta gero eurekin kantu-afaritara joateko aukera egongo da. Bezperan, Korsikari buruzko hitzaldia eskainiko du Joseba Alvarezek Sutegin.
Sarrerak aurrez salgai
Bost urte bete berri dituen Kantu Taldeak antolatu du topaketa hau, Iparra-Hegoaren laguntzaz eta Usurbilgo Udalak babestuta. Hauxek dira, martxoaren 13 eta 14rako deitu dituzten hitzorduak. Adi bereziki, martxoaren 14ko ekitaldiei, egun horretako kantaldi eta afaritarako sarrerak aurrez erosi beharko dira eta.
"Emanaldirako sarrerak Lizardin salgai, aurrez 5€, egunean bertan 10€. Garaiz eskuratzea gomendatzen da; kantaldi erakargarri hau Korsikako talde polifoniko entzungarrienetakoak emango baitu eta Sutegin 150 sartzen dira. Iruin Sagardotegiko kantu-afaria berriz, galduezina izango da. L'ARCUSGI-k eta KUXKUXTU txarangak Korsika eta Euskal Herriko kantuez blai!! jarriko gaituzte kantari. Kantu liburuxka bertan banatuko da, doan. Menua 25€, sagardotegikoa. Sarrerak Artzabalen eta Lizardin daude salgai. Eskuratzeko epea, martxoaren 9a arte. Txartelak erostea ez utzi azken momentura arte; Iruinen 100 lagunentzako lekua baitago hartua", berri eman dute Kantu Taldetik.
Hona hemen, Euskal Herria-Korsika topaketako egitaraua:
Martxoak 13, osteguna
19:30 Hitzaldia Sutegin: “Korsika. Gaur egungo egoera politikoa, soziala eta kulturala”. Hizlaria: Joseba Alvarez Forcada. Sarrera, doan.
Martxoak 14, ostirala
19:30 Kantu jaialdia Sutegin, L´Arcusgi korsikar musika talde polifonikoaren eskutik. Sarrerak aurrez eskuratu ahal izango dira; 5 eurotan, Lizardin. Edo egunean bertan, 10 eurotan.
21:30 Kantu-afaria Iruin sagardotegian, L´Arcusgi taldekoekin eta Kuxkuxtu txarangarekin. Txartelak salgai: martxoaren 9ra arte, Lizardin eta Artzabalen. Prezioa: 25 euro.