IAT-ITVko langileei babesa adierazi die Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 25a, 00:00

Ohi baino jendetsuagoa izan da gaur arratsaldean udalbatza aretoan burutu den osoko ohiko bilkura. Urnieta eta Irungo IAT-ITV lantegietan bizi duten gatazka Usurbilgo Udalera eraman dute langileek. Osoko ohiko bilkuran parte hartu dute, eta aurretik, elkarretaratzea burutu dute udaletxe atarian. Bizi duten egoera argi islatzen zuen, mobilizaziorako baliatu duten pankartako aldarriak; "ITV 8 hilabete greban. Akordiorik gabe bakerik ez". Zortzi hilabete daramatzate greban, enpresarekin akordio batera heldu nahian. Gatazka honen beste aldearekin, enpresako zuzendaritzarekin, hiru bilera egin dituzte denbora tarte honetan. Azken bi saiakerak joan den astean, baina momentuz ez dira adostasun batera heldu. 

Egoera honetan direla, mozioa erregistratu zuten udaletxean, gaurko osoko bilkuran aztertua eta bozkatua izan zedin. Langileok bereziki erakundeen babesa jaso nahi dute, "behar beste mugimendu burutuz Eusko Jaurlaritza presatzeko". Milaka gipuzkoarrei eragiten dien gatazka konpondu nahi dute lehenbailehen, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gidariek euren ibilgailuei azterketa teknikoa burutzeko gunea libreki hautatzeko eskubidea bermatzea eskatzen dute. Eskakizunok biltzen zituen langileok aurkezturiko mozioak. Gehiengo osoz onartu du udalbatzak, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. Hamaikabat abstenitu da.

Osoko bilkura aurretik udaletxe atarian bilduta zeuden IAT guneetako langileak, saioa hasi denean udalbatza aretora igo dira. Mozioaren puntua aztertzeko unea heldu denean, erregistratua zuten testuaren gaineko zenbait azalpen eman dituzte. Aipatu moduan, bozketan argi geratu den moduan, udalbatzaren babesa jaso dute IAT-ITV-ko langileek. 

Aurpegi berri bat
Osoko bilkuran bozkatu duten azken puntua izan da mozioa. Saioa ordea, gaurtik udalbatzak duen kide berria aurkeztuz hasi dute. Usurbilgo EAJ-PNV-k bozeramaile berria izango baitu legegintzaldiko azken txanpa honetan. Andoni Atxegak aurreko osoko bilkuran kargua utzi ostean, Josune Urkolak ordezkatuko du hemendik aurrera. Udalbatzako kide izateko tramitazio prozesua osatu du Udalak, eta aipaturikoa, Urkolak gaur parte hartu du lehen aldiz, osoko bilkura batean. Gainerako kideek ongi etorria eman diote, eta EAJ-ren bozeramaile berriak bere lana ahalik eta ondoen egiteko asmoa azaldu du.

Txagañetako karobia, babestua
Gainerakoan, eguneko gai zerrendan bi puntu nagusi. Batetik, jada ibilbide luzea izan eta desadostasun ugari eragin duen proposamen bat eraman du gobernu tadeak, astearte honetako saiora; Aginagako Txagañeta eremuari loturiko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Ezaugarri Fitxaren Aldaketa Puntuala. Hasieraz onartua zegoen dokumentua dugu hau. Jendaurrean egon den epean bi alegazio aurkeztu dituzte. Alegazio hauek partzialki aintzakotzat hartzea erabaki du udalbatzak gehiengo osoz. Eta gehiengo osoz, behin behingo onespena eman dio aipatu dokumentuari, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. Hamaikabat abstenitu da. Erabaki honekin, Txagañetako karobia babestu, industriagunerako baliatzea aurreikusten zen gune honetako eremu zatia murriztu, eta gainerakoa nekazal lurretara bideratzea onartu du udalbatzak. 

Mendekotasun prebentziorako plana
Usurbilgo Udaleko Ongizate Sailetik eraman da gaurko saioan aztertu eta bozkatu den beste gaia. Estreinakoz, gaurtik Mendekotasun Prebentziorako Udal Plana du Udalak. 2017. urtera arte egongo da indarrean. Udal ordezkarien aho bateko babesa jaso du egitasmo honek astearte honetako osoko bilkuran. Plan berri honek, mendekotasun arazo iturri izan ohi diren substantzi legal nahiz ilegalen kontsumoari erreparatzen die. Baina baita, joko eta teknologia berrien erabilerak sor ditzakeen mendekotasun arazoei ere. Gai honi buruzko hausnarketa eta diagnosia landu dituzte, eta ekintza plan ere jasotzen du. Etengabeko hobekuntza bultzatzeko asmoz gainera, ebaluzioari arreta berezia jarri nahi dio Udalak. Udalbatzak aho bateko onarpena eman dion plan hau elkarlanean osatu du Udalak. Herri eragile desberdinen ekarpenak bildu dituzte.