Erraustegia eraikitzeko hitzartuak zeuden "swap" finantza produktuen inguruko epaiketa hasiko da gaur

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 26a, 00:00

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2013ko maiatzaren 31n Banesto eta Caixa bankuen eta Price Waterhouse aholkularitza etxearen aurka aurkeztutako salaketaren harira dator, Donostiako Lehen Auzialdiko 4. zenbakiko epaitegian asteazken honetan 11:30etan abiatzekoa den epaiketa. Hiru egunez luzatuko omen da. Zubietako errauste planta eraiki ahal izateko aurreko legegintzaldian hitzartu zituzten "swap" finantza produktuen ingurukoa da epaiketa.

Banesto, Caixa eta Price Waterhouseko ordezkariak izango dira deklaratzen lehenak. Segidan, egungo GHK-ko ordezkariek hartuko dute hitza; Ainhoa Intxaurrandieta lehendakariak eta Antton Lete zuzendari nagusiak.

Deklaratzera deituak daude baita, "swap" finantza produktuok hitzartu zituzten aurreko GHK-ko kudeatzaileak; Carlos Ormazabal GHK-ko lehendakari ohi eta ingurumen diputatua aurreko legegintzaldian, Joxi Etxezarreta zuzendari orokorra eta Maite Etxaniz finantza aholkularia. 

Salaketa aurkezterakoan, GHK-ko egungo kudeatzaileek salatzen ziotenez, "Swap" hauek 60 milioi euroko galerak eragin ditzakete. Aurreko legegintzaldiko kudeatzaileei egozten diete, errauste planta proiektua atzera bueltarik gabea izateko hitzartu zituztela finantza produktuok. Eta ez dira bakarrak.

Errauste planta blindatzea helburu
Swap izeneko finantza produktuon inguruan, errausketaren aurkako herri mugimenduak eginiko salaketa atzetik dator. Duela urtebete, Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian bilduta eskaini zuten prentsaurrekoan adierazten zutenez, aipatu swap hauen sinatzeak, "bankuei egiten die mesede. Bakarrik 9 milioi erabili eta 90 milioiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz. Bestetik, errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresei egiten die mesede. Eraikitze lanak aurrez finkatutako egutegi baten arabera eraikitzera behartzea da swap horren xede garrantzitsuenetarikoa. Inork bere herrian nahi ez duen, eta beharrezkoa ez den errauste planta garestia eraikitzeko erabakia hauteskunde emaitzetatik blindatzea zen bere helburua, swapa bertan behera uzteak eragingo lituzkeen kosteak, produktua sinatu dutenei beharrean, zilegi eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko lituzketenei leporatzea estrategia".

Iragan otsailaren 14an, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeko kideak, gaurtik epaituak izango diren Caixa eta Banesto bankuen atarian protesta ekimen bat burutu zuten Donostian. Aurreko legegintzaldian Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Europako Banka Publikoa, La Caixa eta Banesto bankuekin sinatu zituzten kontratuok etetea eskatu zuten, Askatasunaren Hiribidean buruturiko protesta ekintza baten bidez. 

Honekin bukatzeko bi bide daudela zioten: "bata, bankuek kontratuak berrikustea, ezabatzea, epaitegietara joan behar izan gabe, Erresuma Batuan egin zuten bezala. Honetarako herritarren presioa behar beharrezkoa izango da. Bestea, epaitegiek La Caixa eta Banesto kontratuak eta sortutako zorra ezabatzera eta kobratutako dirua itzultzera behartzea. Honetarako Gipuzkoako erakundeek dagokion auzi-eskea egina dute eta epaiketa otsailean egitekoa da". Epaiketa hauxe da hain zuzen, gaur Donostian abiatuko dena.

"Dena ondo lotuta uzteko" sinaturiko maileguak
Maileguon atzean, zenbateko dirutza dagoen gogorarazi dute berriz Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundetik:
-Europako Banka Publikoarekin: 195 milioi euro.
-La Caixa eta Banesto bankuekin: 68 milioi euroko inbertsioa azpiegituren mantentze lanetarako eta beste 5 milioi euro BEZa ordaintzeko.

Gogoan dute, 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako bost egun baino falta ez zirela sinatu zituztela maileguok, orduko Foru Aldundi eta GHK-ordezkariek, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren babesarekin, eta bi helburu betetzeko asmoz, "Zubietako erraustegia eraikitzeko behar ziren 473 milioiak lortu eta dena ondo lotuta uzteko", Koordinadoratik salatu zutenez. 

Maileguok indarrean diren bitartean, "Gipuzkoako erakundeek hilero ordaindu behar dituzte interesak, nahiz eta mailegurako ez erabili". Eta bada beste eragin bat ere; "mailegu honi uko eginez gero, bankuek kalte-ordain handia kobratzeko eskubidea izango lukete".