Josune Urkola Larrarte, udalbatzako kide berria

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 26a, 00:00

Atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran hartu zuen kargua, legegintzaldi honetako azken txanpan EAJ-PNV-ko bozeramaile berria izango denak. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko dela zioen Urkolak, kargua hartu berritan egin zituen lehen adierazpenetan. Udalbatzako gainerako kideek ongi etorria eman zioten zinegotzi berriari.

2015ean ospatuko diren udal hauteskundeak izan bitartean, Andoni Atxegak utzitako lekua hartuko du Urkolak. Atxegak, urtarrilaren 28an burutu zen osoko ohiko bilkuran utzi zuen udal ordezkari izateko kargua. Andonik udal jarduna bere bizimoduarekin batera ezina zaiola adierazi zuen eta horregatik uztea erabaki zuela zinegotzi kargua. Azken hitzokin, Atxegak udalbatzako gainerako kideak agurtu nahi izan zituen. Udalbatzaren izenean, Mertxe Aizpurua alkateak Atxegak eginiko lana eskertu eta gainerako udal taldeekin izan duen harreman onagatik zorionduta, eta aurrera begira zorte ona desioz agurtu zuen EAJ-ko ordezkaria. Atxegak kargua utzita, tarte honetan, zinegotzi aldaketarako tramitazioa burutu du Usurbilgo Udalak. Atzoko osoko ohiko bilkuran kargua hartu ostean, Josune Urkola Larrarte da beraz, EAJ-PNV taldeak aurrerantzean udalbatzan izango duen ordezkari berria.