Jada ibilbide luzea duen lur eremu honi loturiko erabaki berriak hartu zituen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Aginagako Txagañeta guneari buruz ari gara.
Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 izendapena duen eremuko ezaugarri fitxaren 10 aldaketa puntuala hasieraz onartzea erabaki zuen udalbatzak urriaren 29an burutu zuen osoko ohiko bilkuran, eta gehiengo osoz. Gerora jendaurrean egon den epean, bi alegazio aurkeztu dira. Alegaziook partzialki aintzakotzat hartu eta Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Txagañetako Ezaugarri Fitxaren Aldaketa (10. Aldaketa) Puntualari behin behingo onespena eman zitzaion gehiengo osoz atzo, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNV-ren aldeko bozkekin. Hamaikabat abstenitu zen.
Adostasun maila handiagoa orain
Proposatzen den aldaketa nagusia, Mertxe Aizpurua alkatearen esanetan, zera da; Txagañeta eremuan industriagunera bideratzea aurreikusten zen lur zatia murriztea. Gainerako eremua, nekazal lurretarako baliatuko da. Honez gain, Usurbilgo Udalak ingurune hartan kokatua dagoen karobia babestuko duela iragarri zuen eta gune honetarako sarbidea ere hobetuko dutela.
Atzo udalbatzak hartutako erabakiaren ostean, espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera igorriko du Usurbilgo Udalak, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualari dagokion txostena egin diezaion.
Gai honek desadostasun ugari sortu ditu. Une honetan ordea, Aginagako eremu honi begirako adostasun maila lehen baino handiagoa dela adierazi zuen alkateak, atzoko osoko bilkuran.
Urrian, aurreko erabakiak
Aipatu moduan, bada denbora gai hau mahai gainean duela Udalak. Aginagako Txagañeta eremuko lur jabeekin hainbat bilera egin ostean, udalbatzak urriko osoko bilkuran eremu honetarako jada, zenbait aldaketa proposatu eta babestu zituen:
-Txagañetako mugapena murriztea bertako kudeaketa ahalbideratzeko.
-Zati bat desklasifikatzea, bertako bi etxe jabeek eremu horretan dagoen karobia babesteko eginiko eskaera bete dadin.
-Zati baterako urbanizagarri industriala sailkapena mantentzea, bertan pabilioi bat eraiki dadin.
-S-4 sektore berri bat sortzea, Euskadiko Lurzoruaren Legeak ezarritako estandarrak betetzen dituena.
-Eremuko eraikinetara sarbidea hobetuko duen bidea sortzea.