Mendekotasun arazoei aurre egiteko plan berria du Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 26a, 00:00

Mendekotasunen Prebentziorako Udal Plana du Usurbilek lehen aldiz. Atzo burutu zen osoko ohiko bilkurara eraman zuen egitasmoa gobernu taldeak eta aho bateko onarpena eman zion udalbatzak. Bozketa aurretik, ongizate saileko zinegotzi Jone Urdanpilletak azaldu zuen moduan, 2017. urtera arte luzatuko den plana dugu hau.

Plana bera ez da betetzeko helburu gisa jaioa, tresna bat baizik, "mendekotasunen prebentzioaren eremuan prozesu bat abian jartzeko". Hurrengo urteotan Usurbilen burutu beharreko eskuhartzearen ildoak, helburuak eta ekintzak zehazten ditu. 

"Atal desberdinak jorratu dira, hots, drogen testuinguruaren inguruko hausnarketa, kontuan hartu beharreko lege-esparrua, oinarri teorikoak, egoeraren diagnosia, esku-hartzea bideratzeko proiektuak eta planaren ebaluazioa", atzo onarturiko egitasmoak jasotzen duenez. Besteak beste, plan honen ebaluazioan jarri nahi du arreta Usurbilgo Udalak, hobetzen joateko. Jone Urdanpilleta zinegotziak atzoko osoko ohiko bilkuran azaltzen zuenez, "ebaluazioaren alderdia indartu nahi izan da, udal planak jasotzen dituen proiektu eta ekintzen ebaluazioa egiteaz gain, planaren inplementazio prozesua bera ere ebaluatuko da eta baita planaren amaierako ekintzak ere. Honela, etengabeko hobekuntzak proposatu eta exekutatu ahal izango dira eta etorkizuneko esku-hartzeak eraginkortzeaz gain, egonkortzeko baldintzak indartuko dira". 

Gaiarekiko ikuspegi zabalagoa
Mendekotasuna eragin ohi duten substantzia legal zein ilegalen aurrean prebentzioa bultzatzetik haratago doa egitasmo berri hau. Ikuspegi orokorragoa du; alkoholak, tabakoak, kanabisak, kokainak, anfetaminek edota beste droga ilegalen kontsumoak eragindako mendekotasun arazoak jorratzen ditu. Baina azken urteotan ematen ari den fenomeno berriago bat ere aintzakotzat hartzen du baita; jokoak edo teknologia berrien erabilera, eragiten ari den mendekotasun jarrerak. 

Onartu berri den udalerri mailako plan hau, herri eragile eta Usurbilgo zerbitzu desberdinetako ordezkarien ekarpenekin osatu da, besteak beste Udarregi Ikastolako ikasleei egin zaien inkesta bateko emaitzekin. Udal sail desberdinen arteko koordinazio lan bat ere egon da plan hau lantzerako orduan. 

Proiektuak
Mendekotasun arazoen inguruko diagnosi bat jasotzen du udal plan berri honek. Baita etorkizunean, alor honetan Usurbilen bideratu daitezkeen sei proiektu ere. Hauexek:

1-Prebentzioa ikastetxeetan: Usurbilgo ikastetxeetan osasunerako hezkuntza sustatzeko programak sustatzea eta garatzea 3 programen bidez: drogomenpekotasunen prebentzioa jorratzeko programa, hezkidetza egitasmoa eta sexu-heziketa programa.

2-Guraso edota hezitzaileen formakuntza: guraso edota hezitzaileei formakuntza eskaintzea mendekotasunen inguruan.

3-Eskaintza arduratsuan formakuntza: aisialdia prebentzio gune bilakatzeko drogen arazoa jorratzea eta kontsumo kaltegarrien eragina lantzea. Drogen gehiegizko kontsumoa ekiditea.

4-Aisialdi eremuan sentsibilizazioa jorratzea: aisialdi eremuan drogamendekotasunen inguruan herritarrak eta gizarte eragileak sentsibilizatzea eta informatzea.

5-Festetan kontsumo arduratsua sustatzea: festetan drogen kontsumo arduratsua bermatzeko bitartekoak eskaintzea.

6-Teknologia berriak eta mendekotasunen prebentzioa: teknologia berrien erabilera osasuntsua sustatze aldera formakuntza eskaintzea ikastetxeetan eta herritarrei oro har.