Usurbildarrak tartean direla, lehia bizia izango omen da, ikuskizun ederra ziurtatua omen dago Orion, martxoaren 8an. Urriko lehen igandean, kostaldeko udalerri honetan ospatuko den Kilometroak jaialdia girotzeko Kirol Erronka antolatu dute Herriko Plazan, hurrengo asteko larunbaterako. Punta-puntako kirolariak gonbidatu dituzte hitzordura; Kilometroak ospatuko den herriko kirolariak, oriotarrak; mugakide dituzten herrietakoak, usurbildar eta zarauztarrak; eta 2013ko Kilometroak ospatu zen herrikoak, tolosarrak.
Antolatzaileentzat ez omen da lan erraza izan, agenda arazoak tarteko, kirolariok Orioko hitzordurako biltzea. Baina azkenean goi-mailako 16 lagun erakartzea lortu dute. Parte hartzaileen artean, beteranoak; Abraham Olano handia esaterako. Etxekoen artean, Kirol Erronka aurrez udalerri horretan antolatu izan duen oriotar bat, Hossain Kaanache. Eta duten guztia ematera joango diren belaunaldi berriko lehiakideak ere bilduko ditu ekimen honek. Horien artean usurbildarrak; Joxemiel Peñagarikano aizkolariaren seme Mikel igerilaria, hainbat plusmarka eginak dituena; Iñaki Añorga, Baxurde Txikiko eta Euskadiko duatloi selekzioko kide urte askotan; Ibai Alba korrikalari eta triatleta; eta azkenik, Sarai Lizaso Orioko arraunlari ohia, egun San Juango taldean dabilena. Asteburuetan ETB-n ikus dezakegu, "El Conquistador" reality saioan.
Usurbildarrak faborito
Kirolarien zerrenda albiste honetan beherago duzue. Martxoaren 8ko Kirol Erronka aurkezteko antolatzaileek gaur burutu duten agerraldian, lehia estua izango dela iragarri dute, nahiz Kirol Erronkako txapela irabazteko faboritoak, hasiera batean usurbildarrak direla dioten. Usurbil ordezkatuko duen talde kideetako batek parte hartu du gaurko aurkezpen ekitaldian; Sarai Lizaso arraunlariak.
Ekimen berezi honetan lehiatzeko gonbita jaso zuenean, bitan pentsatu gabe baiezkoa eman zuela eta martxoaren 8an Orion izango dela baieztatu du arraunlari gazteak, Iñaki Añorga, Ibai Alba eta Mikel Peñagarikanorekin batera. Astebururo ETB-2ko "El Conquistador" realityan ikus dezagun usurbildarrari erronka zaila jarri diote. "Neure kasuan proba ez da erraza izango, ze 3.000 metro ergometro batean neska batentzat, normalean ez gaude ohituta distantzia hori egitera. Eta gainera hiru gizonen aurka, nahiko gogorra izango da. Halere ahal dudan guztia emango dut, erronkak gustuko baititut. Saiatuko naiz ez izatea abantaila hain handia. Erraz behintzat ez diet utziko", adierazi du Saraik gaurko aurkezpen ekitaldian.
Usurbilgo laukotea, igerian, bizikletan, ergometroan eta korrika lehiatuko da erlojuz kontra, oriotar, zarauztar eta tolosarrekin. Kilometroak jaialdiaren alde, kilometro asko egin beharko dituzte guztien artean. Proba bakoitzak 10-15 minutuko iraupena izango du. Gehienak Orioko Herriko Plazan, edo inguruetan jokatuko dira. Proba guztiotan denbora onena egiten duen taldeak eramango du Kirol Erronkako txapela.
Ikasleak ere lehian
Ekimen berezi hau gaur aurkeztu dute prentsaurrean, Orioko Herri Ikastolan. Antolatzaileen esanetan, martxoaren 8ko Kirol Erronkak, aurrez, azken urteotan Orion eta iaz estreinakoz, Tolosako Kilometroetan ospatu ziren antzeko hitzorduen haritik dator. Bi udalerriotako esperientziak uztartu edo batu dituztela esan liteke eta hortik sortu dela martxoaren 8ko Kirol Erronka ospatzeko ideia.
Egun horretan, goi mailako kirolarien arteko probak jokatuko dira aipatu moduan. Baina segidan ikasleek hartuko dute lekukoa. Iaz Tolosan egin bezala, urriko lehen igandean Orion ospatuko den Kilometroak jaialdian ere, Gipuzkoako ikastetxe desberdinen arteko kirol erronka ospatuko da. Ekimena girotzen joateko, martxoaren 8an, Usurbil, Orio, Zarautz eta Tolosako ikasleak gonbidatu dituzte goi mailako kirolariak bilduko dituen desafiora. Helduen saioa amaitu ostean, mosaikoaren proban parte hartuko dute.
Usurbildar, oriotar, zarauztar eta tolosarrak, baita gipuzkoar oro ere, Orioko Kirol Erronka ikustera gonbidatzen dituzte antolatzaileek. Desafiorako eguna eta gunea, gogoan izan; martxoaren 8an, goizeko 9:30etan Orioko Herriko Plazan.
EGITARAUA
9:30 Kirolarien aurkezpena, Orioko herriko plazan.
10:00-12:00 Kirol erronka (10-15 minutuko probak):
-Igeriketa proba Orian: herriko plazatik Arin y Embil pareraino, hiruzpalau joan etorri. 700 metro pasatxo.
-Bizikleta proba: herriko plazan bi txandatan, bizikleta estatikoan. 5.000 metro.
-Ergometroa: herriko plazan. 3.000 metro.
-Korrika: herriko plaza eta Kaxko inguruetan. 4.000 metro.
12:00 Mosaikoaren proba. Parte hartzaileak: Usurbil, Orio, Zarautz eta Tolosako ikasleak.
KIROL ERRONKAKO PARTAIDEAK
Usurbil
Igerian: Mikel Peñagarikano.
Bizikletan: Iñaki Añorga.
Ergometroa: Sarai Lizaso.
Korrika: Ibai Alba.
Orio
Igerian: Adriana Campoy.
Bizikletan: Eneko Santamaria.
Ergometroa: Iñigo Mujika.
Korrika: Hossain Kaanache.
Zarautz
Igerian: Eneritz Garmendia.
Bizikletan: Jon Unanue.
Ergometroan: Erik Aranburu.
Korrika: Gillermo Vahl.
Tolosa
Igerian: Maider Gaztañaga.
Bizikletan: Abraham Olano.
Ergometroan: Iñigo Jauregi.
Korrika: Leire Agirrezabala.
Oharra: kirolariokin batera, Usurbil, Orio, Zarautz eta Tolosako ikasleek ere parte hartuko dute.