"Ahmed, Alhanbrako printzea" igandean, euskarazko zine zikloko azken filma haurrentzat

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 28a, 00:00

Usurbilgo Udalak negu parterako antolatua duen euskarazko zine zikloa azken txanpa da jada. Datozen bi igandeotan, martxoaren 2an eta 9an, proiektatuko dira haur eta helduei zuzenduriko azken bi filmak; "Ahmed, Alhanbrako printzea" eta "Zorion perfektua". Haurrei zuzendurikoa izango da lehena, igande arratsalde honetan, 17:00etatik aurrera Sutegin:

Martxoak 2, igandea:"Ahmed, Alhanbrako printzea"
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: 3 euro, egunean bertan.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
Sinopsia: Irving Andaluziara joan da Granadako Alhambra bisitatzeko asmoz. Han Dolgoruki aurkitu du, errusiar laguna, eta elkarrekin egin dute bidaia. Carmen ezagutu dutenean, gauzak nahastu egin dira. Neska Boabdil-en azken oinordekoa da, errege mairuarena alegia. Neska honek bete behar du igarpena, Ali maltzurra garaitzea, hau izan baitzen Boabdil erregeari traizioz lurrak kendu zizkiona. Baina ezin izango du boterea eskuratu Boabdilen azken oinordekoa hil arte. Zein den jakin duenean eta zer egin behar duen, Carmen Granadarantz abiatu da, baina etsaiek harrapatu dute. Irving neskaz maitemindu da eta badaki neskak zein arrisku bizi daukan, beraz salbatu egin du eta zenbait oztopo zail gainditu ostean, lagundu egin dio Alhambra-ra iritsi arte, igarpena bete dezan, Boabdilen altxorrak (Aliren esku zeudenak) herriari itzularazteko eta Alhambrak bere bikaintasun osoa agertzeko. 


Martxoak 9, igandea: "Zorion perfektua"
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: 5 euro, egunean bertan.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
Sinopsia: Ainhoa hogeita hamabost bat urteko emakume piano-jole bat da. Egunkaria irakurtzen ari dela, albiste batek jota utziko du eta ez da konturatuko auto bat datorkiola gainera. Istripuak eragindako koma-egoeratik irten eta gero, eskuetako bat larriki zaurituta daukala ohartzen da emakumea. Abaildura erabatekoa du, eskuaren egoerak bere bizitza guztiko ilusioa zapuztuko baitio: piano-karreraren arrakasta. Hainbat naufragio sentimentalen ondoren eta istripua izan baino hilabete batzuk lehenago, Ainhoak Imanol ezagutu zuen, guarda pribatu bat. Mutila neskaren hutsune existentziala betetzen hasi zen, nahiz formazioz eta lanbidez ez izan Ainhoaren maila sozialekoa. Horren guztiaren paraleloan, hogei urte lehenagoko Ainhoa ikusiko dugu: institutuko ikasketak eta piano klaseak burutzen ari den nerabe normal bat. Arratsalde batez, etxerako bidean doala, ETAren atentatu baten lekukoa izango da eta horrek bizitza osorako markatuko du.