Garapen bidean diren herrietako hizkuntzak normaltzen lagunduko du Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 28a, 00:00

Horretarako, ondoko argazkian ageri den moduan, Garabide elkarteko lehendakari Andoni Barreñak eta Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, udalbatza aretoan. "Hitzarmenaren bidez, Usurbilgo Udalak 6.000€ko dirulaguntza bideratuko dio 2014 eta 2015 urtean. Garabidek berriz, munduko hizkuntzen biziberritze proiektuak indartzen lagunduko du. Modu intentsiboan, kitxua, nasa, nahuatl eta kaqchiquel herrienak eta bigarren mailan, maputxe, aimara, maya yukateko, amazigh eta kurdoena. Horretaz gain, usurbildarrengan hizkuntza minorizatuekiko sentsibilitatea pizteko Udalarekin adostutako ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartzen du Garabidek".

Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatuko dira, Udalak datozen bi urteotan emango duen laguntzaren bidez. Laguntza honekin, ondoko helburuok bete nahi dira:

1.-Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

2.-Munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor batzuetan gauzatzen dira, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriaz.

3.-Euskararen eta euskal kulturaren garapen lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beraien esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiaz".

Kooperazio ildo berria
Garabide elkarteak eta Udalak sinatu berri duten hitzarmenarekin, kooperazio ildo berri bat zabaldu da Usurbilen; garabidean diren herrietako hizkuntza komunitate minorizatuak babesteko. Halere, herriok laguntzeko Udalak egindako ekarpenak ez dira berriak. Aurtengo aurrekontuetan, 77.218 euroko diru partida erreserbatu du Usurbilgo Udalak, alor honetara bideratzeko. Baina aurretik ere proiektu ezberdinen bidez ekarpenak egin izan ditu urtero Udalak. "Ohikoa izan dugu azken urteetan Euskal Fondoaren bidez eta herritarrek aurkezten dizkiguten proiektu ezberdinen bidez, Ertamerikan zein Hegoameriketako herrietan, proiektu ezberdinak bultzatzea. Tartean, Kubako zahar etxe bat sortzeko, El Salvadorren ur hornidura sistemak finkatzeko, Chalatalengoko hondakinen kudeaketan, Sahara errefuxiatu kanpamenduetarako laguntza...", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.