Esku bete lan tabernariek, Inauteri Festa eta Tipi-Taparekin

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 28a, 00:00

Asteburu mugitua datorkie Hurbilago Elkarteko kide diren Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernei. Larunbatean Erdi Aroko Inauteri Festan murgilduko dira eta biharamunean, Tipi-Taparen hamahirugarren edizioa ospatuko dute. Asteburu honi begirako prestaketetan aritu dira tabernariak; eurak Erdi Aroz nola mozorrotu eta taberna ere nola dekoratu, lanotan.

Emaitza, larunbat honetan, martxoaren 1ean ikusi ahal izango dugu. Inauteri Festa egun horretan, gogoan izan, bi kalejira ospatuko dira; lehenengoa eguerdi partean, erraldoiekin eta bigarrena iluntzean, Burrunbazale txarangako kideekin. Bi kalejiren geltoki izango dira Tipi-Tapako zazpi edaritegiok. 

Oilasko pintxoak, ajea gainditzeko
Ohi bezala, goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da martxoaren 1eko Inauteri Festa. Zazpi tabernok, ordu gutxira prest beharko dute guztia, biharamunari ekiteko; biharamunean, martxoaren 2an, Tipi-Tapa ekimenaren hamahirugarren edizioa ospatuko baita. Oraingoan, egitasmo honen partaideetako sukaldeetatik oilaskoz eginiko pintxo goxo askoak zerbitzatuko dituzte. Ohi bezala, edari eta guzti 2 euroren truke. Hilero moduan, martxoko edizioan ere, 150 euroko erosketa balea zozketatuko da, Tipi-Tapa txartela behar diren zazpi zigiluekin osatu eta zozketarako kaxetan utzi dituzten herritarren artean. Saritua, martxoko lehen igandean 15:00etan Bordatxon ospatuko den zozketan jakinaraziko da. Gainerakoek, txartelak ondo gorde apirileko Tipi-Taparako. Inauteri Festarekin, eta Tipi-Tapa egitasmoarekin, atseden hartzeko tarte handirik ez dute izango tabernariek, martxoko lehen asteburu honetan.