Usurbil, mozorrotu eta denboran atzera egiteko prest

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 28a, 00:00

Jantziei azken ukituak ematen ariko zarete honez gero. Edo janzteko prest izango zarete agian. Azken osagarriren bat falta bazaizue mugi, ordu gutxi batzuk baino ez baitira geratzen Usurbilgo Inauteri Festarako. Larunbat honetan, ehunka urte atzera egingo dugu; Erdi Aroraino. Pentsa, zer nolako pertsonai eta mozorroak agertuko diren Kaxko ingurura. Guztiak erretratatzeko modukoak ziur. 

Eguerdian hasiko da jai giroa; hamabietan udaletxetik, dultzainero eta erraldoiekin abiatuko den kalejirarekin. Beste kalejira batek girotuko du afalaurreko tartea, Burrunbazale txarangakoek. Bi kalejirok, Kaxkoan zehar ibiliko dira, eta besteak beste, Tipi-Tapa ospatzen den taberna atarietan geratuko dira. Iluntzekoa, Usurbilgo Gaztetxean amaituko da, gauean, afalorduan. 2014ko Inauteri Festako afaria Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian antolatu baita aurten.

Gogoan izan, gaztetxean zerbitzatuko duten menua dastatzeko (paella, xolomoa eta postrea) aurrez erosi beharra zegoen txartela erakutsi beharko da, eta mozorrotua agertzea ere ezinbestekoa izango da.

Inauteri giroa Kaxkora, Gaztetxera eta Gaztelekura ere hedatuko da. Larunbat bazkalostean, mozorro eta karaoke festa antolatu dute Gaztelekuan, 12-16 urte arteko gazteentzat. Primeran pasako dute. 

Mozorrotu eta kalera!
Aurtengo Inauteri Festa ere elkarlanari esker gauzatu dela nabarmendu beharra dago; NOAUA!, Usurbilgo Gazte Asanblada, Gaztelekua, Erraldoien Konpartsa, Tipi-Tapako tabernen edota Udalaren artean. Bakoitzak bere ekarpena egin du. Baina argi dago; antolatuta dagoenetik haratago, hortik aurrera zuen esku larunbat honetan, herria inauterietan murgiltzea. Ondo pasa!

Honatx, biharko Inauteri Festarako iragarriak dauden ekitaldiak:

Martxoak 1, larunbata
12:00
 Erraldoi txiki eta handien kalejira, dultzaineroek lagunduta.
16:30 Karaoke Festa Gaztelekuan (Mozorrotuta etorri!!!).
18:00 Burrunbazale txarangarekin, kalejira Usurbilgo Gaztetxetik abiatuta.
21:30 Afaria Usurbilgo Gaztetxean. Ezinbestekoa mozorrotuta eta aldez aurretik salgai egon diren txartelak eskutan dituzuela agertzea.