Inauterietako ikuskizun bikaina, dantzari apartak ditu Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 28a, 00:00

Koreografia biziak, mozorro koloretsuak, eta beste behin, ordu eta erdiko ikuskizuna prestatzeko atzean dagoen prestaketa lan handia agerian geratu da aurten ere, Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleek Oiardo Kiroldegian goizean eskaini duten inauterietako ikuskizunean. Ekitaldi honetako epaile bihurtu ohi dira, ikasleak ikustera joandako senide, lagun eta herritarrak. Eta aurtengoan ere, HH, LH eta DBHkoek jaso duten txalo zaparrada entzunda, ezin gusturago gelditu direla esan liteke.

Txalo zaparradak, kanpoan une batzuetan izan den kazkabar hotsa ere apaldu du. Eta bitxikeriarik ere ekarri du gaurko eguraldi traketsak. Koreografietako baterako Sorotan Bele taldekoen "zortzi orduko ekaitza" abestiarekin batera, lehertu baita ekaitza Kiroldegi gainean. Baina barruan ikasleen dantza saioek uxatu dute kaleko giro nahasia. Aurten ere koreografia oso landuak ikusi ditugu, eta ikasleak pertsonaia desberdinen paperean antzezten; batzuk sorosle gisa mozorrotuta, itsasoan itotzen ari ziren ikaskideak erreskatatzeko lanean. Balea arrantzatzeko lanean aritu da beste ikasle talde bat. Olagarroak, marrazoak, piratak... Kresal usain handia izan du aurtengo LH-koen ikuskizunak.

DBH-koek komikietako pertsonaiak biziberritu dituzte; Asterix eta Obelix edota Pipi galtzaluze tartean. Eta euren naturaltasunarekin publikoa erraz bereganatu dute Haur Hezkuntzakoek. Urtero euren buruko kukurutxo koloretsuez eta zakuekin jantzita agertu dira Kiroldegira. Eta saio aparta eskaini dute.

Inauteri festa honekin ezohiko ostirala izango dute Udarregi Ikastolan. Eta ohi baino asteburu luzeagoa segidan; datorren astelehen eta asteartean jai egunak izango baitituzte. Asteazkenean itzuliko dira ikasgeletara.

Desfilea egiterik ez
Ez zen giro goizean kalean egoteko. Kiroldegiko ikuskizunaren aurretik, urtero moduan, Kaxkoan zehar kalejiran, desfilatzen irtetekoak ziren Lehen Hezkuntzako ikasleak. Baina goizeko ekaitzak, ikastolan hasi eta Kiroldegian amaitu behar zuen kalejira bertan behera uztea eragin du. 

Txaranga hotsak, Aginagan eta Zubietan
Eskola Txikietan ere izango da mugimendua, gaur bazkalostean, bai Zubietan, baita Aginagan ere. Txaranga taldeak osatuko dituzte inauteriotarako. Aginagan, ikasle, maisu eta gurasoak kalejiran irtengo dira bazkalostean, musika instrumentu eta jantzi koloretsuekin. Gero, txokolate jan gozoa izango dute. Zubieta Eskola Txikikoak ere, txarangaz mozorrotuta desfilatuko dute.