Hasi da mozorroen desfilea. Apaizak, euskal soldaduak, baserritarrez jantzitako jendea... Erdi Aroz mozorrotu zaigu Kaxkoa. Mendeetan barrena bidaia egin dute usurbildarrek. Guraso, haur eta lagun koadrilak eguerditik, Inauteri Festa ospatzen kalean dira. Bazkalaurreko orduak, Usurbilgo Erraldoien Konpartsak antolaturiko kalejirak girotu ditu. Lau erraldoi eta dultzaineroak ibili dira frontoi inguruan. Kalejiran zebiltzan baita, hainbat lagun koadrila karrozekin; gaztelu edo aldarearekin... Mozorro desfile ikusgarria; jantzi landuak. Eta karrozak ere zer esanik ez. Azken urteotan geroz eta gehiago dira, mozorrotzeaz gain, karrozekin kalejiran ateratzen diren lagun koadrilak. Eta geroz eta gehiago dira baita, arratsalde edo iluntze partera arte itxaron beharrean, Inauteri Festa eguerditik ospatzen hasten direnak. Haietako asko gero, inguruko jatetxe, elkarte eta sagardotegietara bazkaltzera joan dira. Arratsalde parterako indarrak hartzeko.
Mozorro festa hasi besterik ez baita egin. Dultzainero eta erraldoiek girotu dute eguneko lehen kalejira. Bigarrena, 18:00etan abiatuko da Usurbilgo Gaztetxetik, Burrunbazale txaranga taldeko kideekin. Kaxkoko tabernetan barrena osatuko dute, afal ordura arteko ibilbidea. Helmuga, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian izango dute. Aurtengo Inauteri Festako afaria gaztetxekoen esku baitago. Gogoan izan, otordura joateko aldez aurretik erosia duzuen txartela erakutsi beharko duzuela, eta ezinbestekoa izango dela mozorrotuta agertzea.
Bazkaloste honetan bestalde, karaoke festa ospatuko dute Gaztelekuan. 12-16 urte arteko gazteek beraz, primeran pasatzeko jaialdi ederra dute, garai bateko Gure Pakeako egoitzan.
Kalejirak, poteoa, mozorro eta karroza desfilea, afaria, afalostea... Eta hortik aurrera, nahi duzuenera arte, Inauteri Festa gaur, martxoaren lehenengo egun honetan:
Martxoak 1, larunbata
16:30 Karaoke Festa Gaztelekuan (Mozorrotuta etorri!!!).
18:00 Burrunbazale txarangarekin, kalejira Usurbilgo Gaztetxetik abiatuta.
21:30 Afaria Usurbilgo Gaztetxean. Ezinbestekoa mozorrotuta eta aldez aurretik salgai egon diren txartelak eskutan dituzuela agertzea.