XXI. mendeko errealitate "gordinera" itzuli gara astelehen honetan; ohiko mozorroa jantzi eta egunerokotasunera, oraindik guztiz gainditu gabeko ajearekin. Baina hori bai, larunbateko Inauteri Festa koloretsu eta burrunbatsuko oroitzapen ederrekin. Sormenerako gaitasun faltarik ez du herri honek. Herenegun ospaturiko Inauteri Festako mozorro eta karrozen diseinuari begiratu besterik ez zegoen. Ondo landuak, edateko eta musika eta guzti. Koadrilaren batek ere euren jantzi eta "azpiegiturekin" bat zetorren koreografia ederra ere dantzatu zuen.
Geroz eta lagun talde gehiago dira, mozorrotzeaz gain, karrozak ere lantzen dituztenak. Gutxienez, hamar bat zenbatu genituen larunbateko festan.; gotorlekuak, gazteluak, aldareak... Eta haien inguruan, gazte koadrilak eta seme-alabekin egun pasa irtendako gurasoak ziren. Pixkanaka gainera, geroz eta gehiago dira baita, eguerditik mozorrotuta jai giroan murgiltzen direnak.
Karrozak gehitzen
Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, bazkalaurretik eta iluntzean, Erraldoien Konpartsaren zein Burrunbazale txarangako kideen eskutik giroturiko kalejiretan jendea bildu zen. Frontoi inguruan bereziki. Karrozekin irtendakoek, eta beste hainbat koadrilek ere, egunean zehar frontoia izan zuten babesgune. Baita larunbateko hitzordurako goitik behera atondu zituzten hainbat taberna ere. Tokiotan, nola ez, goizaldera arte luzatu zen Inauteri Festa.
Soldaduak, errege-erreginak, herritar xeheak, apaizak... Erdi Aroan giroturiko denetariko pertsonaien desfilea ikusi genuen larunbatean. Eguna kalean igaro zutenak, gero Usurbilgo Gaztetxera jo zuten afaltzera. Otordurako hirurogeitik gora txartel saldu ziren aurrez, Txiribogan, Irratin eta NOAUA!ko egoitzan.
Lehen aipaturikoa, egunez kalean nabari zen kolore, eta burrunba giroak, taberna barruan jarraitu zuen igande goizaldera arte.