Astearte goizeko 9:00ak arte, abisu horiaren eraginpean egongo gara, haizeguneetan mendebal edo ipar-mendebaldeko 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu eta. Eta baita euri zaparrada ugari ere. Haizeguneak ez diren lekuetan berriz, 60-80 kilometro orduko artekoak. Kostaldean ere ez da giro izango, alarma gorria ezarri baitute gaur arratsaldeko 16:00etatik bihar goizeko 9:00ak arte. 9-10 metrorainoko olatuak espero dira.
Hauxe, datozen orduotarako Euskalmet agentziak egin duten iragarpena:
Martxoak 3, astelehena
Giro erabat ezatsegina, zaparradak noiznahi eta haize zakarra. Euria egingo du gaur ere, dena den, eguerditik aurrera zaparrada handiagoak botako ditu eta sarriago, batez ere kantauri isurialdean, eta baliteke noizean behin trumoi-ekaitzak izatea eta kazkabarra egitea. Horrez gain, mendebaldeko haizea ere oso zakar ibiliko da, batez ere kostaldean, mendi inguruetan eta Ebro ibarrean. Tenperaturak ere beste maila bat behera egingo du, eta elur-kota 800 eta 1000 m artean egongo da.
Martxoak 4, asteartea
Asteartean ere euria. Zerua goibel egongo da eta zaparradak botako ditu; nahikoa sarri botako ditu kantauri isurialdean, baina astelehenean bezain mardulak ez dira izango. Mendebaldeko haizeak zakar joko du hasieran, baina orduek aurrera egin ahala indarra galduko du. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta elur-maila egunaren lehen partean 1000 m inguruan egongo da.
Martxoak 5, asteazkena
Asteazkenean euria egingo du egunaren lehen partean, eta, gero, pixkanaka, hobera egingo du aroak. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, beraz zerua nahikoa goibel egongo da egun osoan, eurirako itxurarekin eta ez dio utziko tenperaturari igotzen. Hala ere, arratsaldean atertzera egingo du, eta hobekuntza txiki bat nabarituko dugu.
Informazio eguneratua: http://www.euskalmet.euskadi.net