Usurbilgo Udalak negu parte honetarako antolatua zuen euskarazko zine zikloa amaitzear da. Igande honetan proiektatuko dute helduentzako azken filma, 18:00etatik aurrera Sutegin; "Zorion perfektua" da hain zuzen, azaroaz geroztik hilero eskaini den ziklo honetako azken lana:
Martxoak 9, igandea: "Zorion perfektua"
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: 5 euro, egunean bertan.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
Sinopsia: Ainhoa hogeita hamabost bat urteko emakume piano-jole bat da. Egunkaria irakurtzen ari dela, albiste batek jota utziko du eta ez da konturatuko auto bat datorkiola gainera. Istripuak eragindako koma-egoeratik irten eta gero, eskuetako bat larriki zaurituta daukala ohartzen da emakumea. Abaildura erabatekoa du, eskuaren egoerak bere bizitza guztiko ilusioa zapuztuko baitio: piano-karreraren arrakasta. Hainbat naufragio sentimentalen ondoren eta istripua izan baino hilabete batzuk lehenago, Ainhoak Imanol ezagutu zuen, guarda pribatu bat. Mutila neskaren hutsune existentziala betetzen hasi zen, nahiz formazioz eta lanbidez ez izan Ainhoaren maila sozialekoa. Horren guztiaren paraleloan, hogei urte lehenagoko Ainhoa ikusiko dugu: institutuko ikasketak eta piano klaseak burutzen ari den nerabe normal bat. Arratsalde batez, etxerako bidean doala, ETAren atentatu baten lekukoa izango da eta horrek bizitza osorako markatuko du.