Teknologia berriekiko lotura estua dute DBH-ko ikasleek

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 5a, 00:00

Ia denek dute mugikorra edo Interneta etxean. Bost minuturo mugikorrari begira daude, egunero ordubete edo bi ordu Internetera konektatuta igarotzen dute. Teknologia berriok mendekotasuna eragiten dutela uste dute, baina era berean mugikorraren bidez sarera konektatuta egotea beharrezkoa zaie. Mendekotasun arazoen gainean informatuta daude eta arazorik izanez gero, badakite norengana jo laguntza eske. Hala diote behintzat, Udarregi Ikastolako DBH 2,3 eta 4.mailako 140 ikasleei egin zaien inkestako emaitzek. 

Iragan otsailaren 25ean burutu zen osoko ohiko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu zuen "Mendekotasunen Prebentziorako Usurbilgo I. Udal Plana". Egitasmo honen bidez, substantzia legal zein ilegalek, eta teknologia berriek eragiten dituzten mendekotasun arazoei aurre egin nahi zaie, prebentzioa, sentsibilizazioa edo formazioa bultzatuz. 2017ra arte indarrean egongo den plan honen baitan, prebentzioari loturiko hainbat lan ildo jorratuko dira. Txosten berean, gai honi buruzko diagnosia egiten du Udalak. Diagnosi hau osatzeko berriz, Udarregi Ikastolako DBH-ko 140 ikasleei mendekotasun arazoei buruzko inkesta bat egin zaie.

Sarritan erabili bai, baina "engantxe" arazorik ez
Galdeketako erantzunak mamitsuak dira zalantzarik gabe, bereziki, teknologia berrien gaiari loturiko emaitza nagusiak. Aipaturikoa, ikasle gehienek aitortzen dute Internetak eta mugikorrak "engantxea" sortzen dutela. Ezinbestekotzat jotzen dute, teknologia berrion erabilera; Interneta mugikorrean izatea beharrezkoa iruditzen zaie. Probetxua ateratzen diote bai mugikorrari eta Internetari. Sarea erabilera desberdinetarako baliatzen dute; musika entzun, filmak ikusi, sare sozialetan parte hartu, informazioa aurkitu edo jolasteko. Baita besteak beste, whatsapp-ean aritzeko. Ikasleek aitortzen dutenez, gehienek ordu laurden baino gutxiago igarotzen dute mugikorrari begiratu gabe. Baina ia denen ustez, ez dute teknologia berri hauekiko mendekotasun arazorik. Ikasleen %2-3k baietz, arazorik baduela uste du. 

Edozein kasutan ia denek jaso dute, arazo hauen prebentziorako informazioa eta ia denek dakite, laguntza beharko balute norengana jo. 

Udalak eginiko inkestatik jasotako datu batzuk bildu ditugu jarraian, mailaz maila:

DBH 2:
%97ak dio mobilak engantxea sortzen duela.
%54k 15 minutu baino gutxiago pasatzen ditu mobila begiratzetik hurrengo begiradara arte (%20k minutu bat eta bost minutu artean; %15ak minutu bat baino gutxiago).
%31 egunean ordubete edo bi ordu egoten da Internetera konektatuta. %25a, 2-4 ordu artean.
%85arentzat Internetak engantxea sortzen du.
%70ari Interneta mobilean izatea beharrezkoa iruditzen zaio.
%3ak substantzia, joko edo teknologia berriekiko mendekotasun arazorik duela dio; %2k ez daki; %95ak  ezetz dio.

DBH 3:
%94arentzat mobilak engantxea sortzen du.
%77,73k 15 minutu baino gutxiago pasatzen ditu mobila begiratzetik hurrengo begiradara arte (%37,76k minutu bat eta bost minutu artean; %15,55ak minutu bat baino gutxiago)
%20 egunean 8-12 ordu artean egoten da Internetera konektatuta. %24,4 ordubete baino gutxiago; %17,77 ordubete eta bi ordu artean. 
%80arentzat Internetak engantxea sortzen du.
%73,33ari Interneta mobilean izatea beharrezkoa iruditzen zaio.
%3,7ak substantzia, joko edo teknologia berriekiko mendekotasun arazorik duela dio; %93,3ak ezetz dio.

DBH 4:
%92,86arentzat mobilak engantxea sortzen du.
%67,7k 15 minutu baino gutxiago pasatzen ditu mobila begiratzetik hurrengo begiradara arte (%26,7k 5-15 minutu artean); %20,6k minutu bat eta 5 minutu artean; %20,4k minutu bat baino gutxiago).
%42,1 egunean ordu bat edo bi egoten da Internetera konektatuta. %25,6 2-4 ordu artean. 
%90,1arentzat Internetak engantxea sortzen du.
%72,5ari Interneta mobilean izatea beharrezkoa iruditzen zaio.
%2,2ak substantzia, joko edo teknologia berriekiko mendekotasun arazorik duela dio; %1,4ak ez daki; %96,4ak ezetz dio.