Ekainaren 8ko giza-katerako izen ematea, asteburuan Zubietan

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 5a, 00:00

Erabakitze eskubidearen alde, ekainaren 8an Durango Iruñearekin lotuko duen giza-katean izen emateko aukera egongo da asteburuan Zubietan. Larunbat arratsaldez, martxoaren 8an, 18:00etatik 20:00etara. Eta igande goizez, martxoaren 9an beraz, 11:00etatik 13:00etara. Gure Esku Dago-Zubietak bi egunotan, eta ordu tarte horietan, postua jarriko du errebote plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Kaxkapen egongo dira. Milaka euskal herritar eskuz esku lotuko dituen ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzen diete zubietarrei. "Zure parte-hartzea behar dugu, zuretzako leku bat baitugu gordea ekimen erraldoi honetan. Zubietarrok, animatu! Eta etorri ekainaren 8an parte hartzeko hartzeko izen ematera. Zubietako zerrenda osatzen egun desberdinetan egongo gara", iragarri dute. Momentuz, aipatu moduan, martxoaren 8-9ko asteburuan.

Gure Esku Dago Eguna, martxoaren 22an
Martxoaren 22an ospatuko da, ekainaren 8an, Durango Iruñearekin lotuko duen erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea girotzeko festa eta aldarrikapen eguna. 

Egitaraua lotzen dabiltza antolatzaileak. Baina aurreratu dutenez, eguerdi partean musika emanaldi sorpresa izango omen dugu frontoi inguruan. Gau partean, afaria Usurbilgo Gaztetxean eta ondoren, bertso musikatuen saioa. Afaritarako txartelak, salgai daude 13 eurotan, Txapeldun, Artzabal, Antxeta, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan.

Afaritarako menua lotua dute: entsaladilla errusiarra, biribilkia saltsan, ijito besoa, edaria eta kafea. Afalosteko bertso musikatuen saioan parte hartuko dutenen zerrenda ere osatua dago jada; Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika bertsolariak. Eta Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariak. Gai jartzailea: Haritz Casabal.