Tabakoa, marihuana, hachisa, alkohola, speed-a, kokaina edota ketamina, substantziok kontsumitzen dira, 13-16 urte arteko gazteen artean. Hala diote, Usurbilgo Udalak onartu berri duen mendekotasun arazoei aurre egiteko prebentzio planaren baitan, substantzia legal zein ilegalen edota teknologia berrien kontsumo eta praktiken gainean, Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleei egin zaien inkestako emaitzek.
Gazteek emandako erantzunetatik antzeman daitekeenez, badirudi kontsumitu baino ezagutza handiagoa dutela substantzion inguruan. Galdetegi honen baitan hain zuzen, zer droga ezagutzen dituzten eta euren adin tartean zeintzuk kontsumitzen diren galdetu diete DBH 2,3 eta 4.mailakoei. Ezagutzari loturiko erantzunetan aipatu dituzten substantzien zerrenda nabarmen luzeagoa da, kontsumoari loturiko erantzunetan adierazi dutena baino. DBH2koen kasuan adibidez, euren adinean ez dutela askorik kontsumitzen aipatzen dute.
Informazio faltarik ez
Drogen kontsumoaren zergatiez eta ondorioez ere galdetu zaie aipatu hiru ikasturteotako ikasleei. Bai batean zein bestean, erantzun anitzak. Zergatiei buruz galdetuta, honakoa aipatzen dute; "lagunen artean inportante sentitzeko, ondo pasatzeko", "bat hasten da eta gainontzekoek jarraitzen diote", "arazoez ahazteko", "gaizki zaudenean", "gustokoa delako", "hobeto sentiarazteko", "lotsa kentzen duelako", "alaiago egoteko", "besteen aurrean guaiarenak egiteko", "esperientzia berriak izateko"...
Drogen kontsumoen kalteez ere ohartaraziak daude. Badakite, "dardarak" eragiten dituztela, bizitza laburtzen dutela, oroimena galdu, familia hautsi, antsietatea, mendekotasuna edota buruko nahiz gaixotasun fisikoak sortzen dituztela eta muturreko egoeretan, "koman bukatzea gaindosiaren ondorioz" edota heriotza eragin dezaketela.
Udalarentzat eskaerak
Droga mendekotasunik edota substantziekin loturiko arazorik izango balute, nahikoa informazioa izan eta norengana jo badutela diote; psikologo, mediku, guraso, senide edo irakasleengana. Familia edota hezitzaileei buruz ere galdetu diete 13-16 urte arteko gazteei; droga kontsumoaren aurrean zer egiten duten.
Gurasoei dagokienez, gazteen esanetan, "desengantxatzen lagundu", laguntza eskatu, profesional batengana eraman, zaindu. Batzuk, maiz zer egin edo nola jokatu ez dakitela diote, ezer gutxi dakitela droga kontsumoari buruz... Denetariko erantzunak beraz. Baita hezitzaileek gai honetan egiten dutenaren inguruan ere; gurasoekin hitz egin, arriskuez ohartarazi, laguntza eskaini edota aholkatzen ahalegintzen direla aipatzen dute.
Drogen kontsumoa bereziki aisialdi tartean ematen denez, horri buruz ere galdetu zaie ikasleei. Ia zer egiten duten euren denbora librean; lagunekin atera, musika entzun, bideojokoetan jolastu, kirola egin, lokalean egon... Gazteok, Usurbilgo Udalarentzat ere badituzte hainbat eskaera. Herriko erakunde nagusiari ia zer eskatzen dioten galdetu zaie DBH-ko ikasleei. Denetarik; drogen salmenta debekatzea, aisialdirako azpiegitura gehiago, gai hau hitzaldi edo klaseen bidez lantzea, egoera hauen gaineko kontrol gehiago egotea...