Bertso-afari batekin hasiko dira gaur, Emakumeon Egunari loturiko ekimenak

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 6a, 00:00

Miren Amuriza, Ane Labaka eta Alaia Martin bertsolariek girotuko dute, 21:00etatik aurrera Artzabalen hasiko den ekitaldia. Gogoan izan, bertso-afaritara joateko aurrez erosi beharra dagoela txartela Artzabalen bertan, edo Txiribogan. 70 lagunentzako lekua dago jatetxean, honenbestez, sarrera kopuru mugatua egongo da eskuragarri.

Bertso-afariarekin abiatuko da ostegun honetan, martxoaren 8ari lotuta, Usurbilen antolatu diren hitzorduak. Gaurko ekitaldia Parekidetasun Kontseiluak lotu du, baita, martxoaren 14 eta 15erako Potxoenean antolatu duen autodefentsa feminista tailerra ere. Emakumeei zuzenduriko saio hauetan parte hartu nahi duenak ere, izena aurrez eman behar du. Doan, parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita.

Parekidetasun Kontseiluarekin batera, Usurbilgo Gazte Mugimenduak ere ostiral honetarako hitzaldia antolatu du, gaueko 22:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. “Maitasun erromantikoa eta mikromatxismoak” gai honi buruz arituko da Ainara Santamaria. Biharamunerako, martxoaren 8rako, kontzertu gau bat ere prestatzeko lanetan ziren Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Baina atzo berri eman zutenez, taldeak lotzeko izan dituzten zailtasunak tarteko, bertan behera utzi dute kontzertu gau hau.

Larraitz Lazkanoren erakusketa, Artzabalen
Emakume Langileen Egunari loturiko azken ohar bat. Martxoaren 8an giroturiko Larraitz Lazkano margolari nafarraren artelanak ezagutzeko aukera egongo da Artzabalen, “Emakumeen arteko begirada sinergikoak” erakusketan. “Larraitz Lazkanoren lanak, Euskal Herritar emakume baten eta Arabiar kulturako herri anitzeko hainbat emakumeen arteko elkar begirada sinergikoa proposatzen digu. Koloreak, formak eta testurak piktorizatzen, plano idealizatutik at, elkarren arteko gertutasuna azpimarratzeko”.

Gaztarotik hasi zen Larraitz Lazkano Arabiar munduarekin hartu-emanetan, “eta segituan berpiztu zitzaion gertutasunaren sentimendu arabikoa. Eta emakumeen prismaren posiziotik hasi zen bere margo istorioa eraikitzen, espresio izoztuekin soinurik gabeko elkarrizketa publikoak eraikitzen. Kontestu guztietatik islatzen ditu bere pertsonaiak giza biluztasun une bat lortzearren. Lazkanoren erakusketa, apirilaren 16ra arte, Artzabalen. Bere hainbat artelan, helbide honetan ere ikus daitezke: larraitzlazkano.blogspot.com. 



EMAKUMEON EGUNA
Martxoak 6, osteguna
21:00
 Bertso afaria Artzabalen:
-Bertsolariak: Miren Amuriza, Ane Labaka eta Alaia Martin. 
-Gai jartzailea: Amaia Agirre. 
-Afarirako txartelak:: 15 eurotan salgai Txiribogan eta Artzabalen. 70 lagunentzako lekua. 
-Menua: ongietorri aperitiboa, gula eta otarrainxka entsalada epela, entrekota goarnizioarekin, eta etxeko pantxineta txokolate beroarekin. Kafea eta edaria barne.
Antolatzailea: Parekidetasun Kontseilua.

Martxoak 7, ostirala
22:00
 Hitzaldia Usurbilgo Gaztetxean: “Maitasun erromantikoa eta mikromatxismoak”. Hizlaria: Ainara Santamaria.
Antolatzailea: Gazte Mugimendua.

Martxoak 14-15, ostirala eta larunbata
Ordutegia: ostirala: 17:00-20:30. Larunbata, 9:30-14:00.
Tokia: Potxoenea.
Autodefentsa feminista tailerra emakumeentzat, Maitena Monroyrekin. Doan. Izen ematea, aurrez: parekidetasuna@usurbil.net
Antolatzailea: Parekidetasun Kontseilua.