Martxoak 6 ditu gaur, ostegun honetan, Soinurbileko lipdub grabazioaren entsegu orokorra egingo da arratsaldeko 18:00etan hasita, Zumarte Musika Eskolan. "Ikasle guztiei dei egiten dizuegu egun-ordu horretan Zumartera etortzeko, instrumentua jotzen duzuenak, instrumentua ekarri!", luzatu dute gonbita musika eskolakoek.
Soinurbil berezia aurten
Hamargarren ediziora heldu da musika astea, eta ekimen bereziekin ospatuko da urtemuga. Aipaturiko lipdub grabazioaz gain, 2014ko edizioa iragartzeko logotipo lehiaketa bat ere antolatu da.
Epaimahaiak ez zuen lan erraza izan, guztira urtarrilaren 31ra arte finkatua zegoen epearen baitan, 15 logotipo aurkeztu baitziren. Azken erabakia hartu eta ezagutzera eman zuen ordea. Hilabete amaieran ospatuko den Soinurbil Musika Zikloaren 10. edizioaren harira, Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu duten logotipo lehiaketako irabazlea, Intza Salsamendi dugu. 400 euroko saria irabazi du usurbildarrak, "Aterkia" ezizenez aurkeztutako lanarengatik. Saria Intzari ematerako orduan, epaimahaiak "lan irabazlearen balio artistikoa eta diseinu berritzailea nabarmendu ditu".
Gogoan izan, logotipoa sortzeko lehiaketako antolatzaileek finkatua zuten baldintza nagusia honakoa zen; "hiru ardatz bildu behar zituen: Usurbil, musika eta hurbiltasuna". Intza Salsamendik modu honetan aurkeztu zuen lehiaketara, bere sormen lana; “Marka honek, Soinurbileko “S” hizkiaren forma erabiltzen du, “vinilozko” diska irudikatuz. Honek soinua adierazten du eta lau koloreen erabilerak mugimendua ematen dio. Borobiletan dauden geziek soinua Usurbilera hurbiltzen dute. Erabilitako tipografia informalak freskotasuna eta gaztetasuna ematen dio”.
Eta horixe da Soinurbilen 10. urtemugari lotuta, usurbildarrak sortu duen logotipoari buruz aurreratu dezakeguna. Logotipoak zer nolako itxura duen ikusteko zertxobait itxaron beharko dugu oraindik. Martxoko azken astean ospatuko den Soinurbil ekimenaren egitarauarekin batera aurkeztuko dute, Salsamendiren diseinu lana.