Udan bi hilabetez, 7-12 urte arteko haur saharar bat etxean hartu nahi duenak, Gizarte Zerbitzuetara jo eta izena eman dezake jada, apirilaren 8ra arte. Egoitza berean emango da egitasmo honi buruzko behar beste informazio. Edo bestela, 943 377 110 telefono zenbakira deituta edo gizartelangilea3@usurbil.net helbidera idatzita.
"Oporrak bakean egitasmoaren helburua 7 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua) pairatzen den tenperatura altuetatik babestea", berri eman dute Gizarte Zerbitzuetatik.
Usurbilgo Udalak bi urte daramatza egitasmo honekin bat egiten. Denbora tarte honetan, bi haur saharar izan dira herrian oporretan, etxean hartu dituzten Usurbilgo familiei esker.