Mikromatxismoei buruzko hitzaldia, mobilizazioak eta lilatoia, Martxoaren 8ko asteburuan

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 7a, 00:00

Bart Artzabalen ospatu den bertso-afari batekin abiatu dira, martxoaren 8aren bueltan Usurbilen, Parekidetasun Kontseiluak eta Gazte Mugimenduak antolatu dituen ekimenak. Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren bezpera honetan ospatuko da hurrengo hitzordua; mikromatxismoei buruzko hitzaldia, gaueko 22:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Ainara Santamaria hizlari lanetan jardungo duen solasaldiak hain zuzen, “Maitasun erromantikoa eta mikromatxismoak” izenburua darama.

Gogoan izan bestalde, larunbat gauerako gaztetxean aurreikusia zegoen kontzertu gaua bertan behera geratu dela, taldeak lotzeko antolatzaileek izan dituzten zailtasunengatik. Bestalde, zabalik jarraitzen du, Parekidetasun Kontseiluak datorren asterako, martxoaren 14 eta 15erako Potxoenean antolatu duen autodefentsa feminista tailerrean izen emateko epeak. Emakumeei zuzenduriko saio hauetan parte hartu nahi duenak, aurrez apuntatu behar du. Doan, parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita.

Mobilizazatzeko deiak
Martxoaren 8a larunbatez egokitu da aurten. Ostiral honetarako, LAB sindikatuak eskualde mailako mobilizazio eta ekimen desberdinak antolatu ditu. Hitzorduon bidez, asmoa, "krisitik ateratzeko aitzakiapean aplikatutako errezeta ezberdinek emakumeongan izaten ari duten eragina ezagutzera eman eta, bereziki, emakumeak jasaten ari garen enplegu suntsiketa bisibilizatzea da. Honekin batera emakumeak enplegu duin baterako dugun eskubidea aldarrikatuz, eta eskubide hau bermatuko duen enplegu plan eraginkor baten beharraz ohartaraziz".

Usurbildik gertuen deituriko elkarretaratzeen artean, Donostiakoa dugu. Ordubeteko kontzentrazioa antolatu dute martxoaren 7 honetarako, 12:30etan hasita, San Martin eta Bretxa merkatal guneen inguruetan.

Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako bestalde, larunbaterako, martxoak 8, egungo sistema patriarkalaren aurka gazteak kalera irteteko deia egin du baita Ernai gazte erakundeak. Hego Euskal Herriko Mugimendu feministak ere, manifestazio bana deitu du Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen; Donostiakoa, iluntzeko 19:00etan abiatuko da Bulebarretik. "Gure askatasuna borrokatuz" aldarripean, emakumeen bizitzako alderdi guztien gain duten erabakitzeko eskubidea defendatuko da mobilizazioon bidez. 

25. Lilatoia igandean
Martxoaren 8ari loturiko hitzorduen astea amaitzeko, arrakasta handia duen kirol ekimena ospatuko da igande goizean Donostian; 25. ediziora heldu den Lilatoia hain zuzen. Adin tarte desberdinetako hainbat emakume usurbildarrek parte hartuko dute, goizeko 11:00etan Bulebarretik abiatu, eta erdigunea edota Gros inguruak zeharkatuko dituen lasterketan. 5 kilometro luze dituen ibilbidea osatu beharko dute. Proban parte hartzeko izen ematea itxita dago, joan den otsailaren 28a izan zen izena emateko azken eguna.

Larraitz Lazkanoren erakusketa, Artzabalen
Emakume Langileen Egunari loturiko azken ohar bat. Martxoaren 8an giroturiko Larraitz Lazkano margolari nafarraren artelanak ezagutzeko aukera egongo da Artzabalen, “Emakumeen arteko begirada sinergikoak” erakusketan. “Larraitz Lazkanoren lanak, Euskal Herritar emakume baten eta Arabiar kulturako herri anitzeko hainbat emakumeen arteko elkar begirada sinergikoa proposatzen digu. Koloreak, formak eta testurak piktorizatzen, plano idealizatutik at, elkarren arteko gertutasuna azpimarratzeko”. 

Gaztarotik hasi zen Larraitz Lazkano Arabiar munduarekin hartu-emanetan, “eta segituan berpiztu zitzaion gertutasunaren sentimendu arabikoa. Eta emakumeen prismaren posiziotik hasi zen bere margo istorioa eraikitzen, espresio izoztuekin soinurik gabeko elkarrizketa publikoak eraikitzen. Kontestu guztietatik islatzen ditu bere pertsonaiak giza biluztasun une bat lortzearren. Lazkanoren erakusketa, apirilaren 16ra arte, Artzabalen. Bere hainbat artelan, helbide honetan ere ikus daitezke: larraitzlazkano.blogspot.com. 


EMAKUMEON EGUNA
Martxoak 7, ostirala
22:00
 Hitzaldia Usurbilgo Gaztetxean: “Maitasun erromantikoa eta mikromatxismoak”. Hizlaria: Ainara Santamaria.
Antolatzailea: Gazte Mugimendua.

Martxoak 8, larunbata
19:00 Manifestazioa Donostiako Bulebarretik abiatuta, "Gure askatasuna borrokatuz" aldarripean. Deitzailea: Hego Euskal Herriko mugimendu feminista. 

Martxoak 9, igandea
11:00 25. Lilatoia, Donostiako Bulebarretik abiatuta. Hainbat emakume usurbildarren parte hartzea.

Martxoak 14-15, ostirala eta larunbata
Ordutegia: ostirala: 17:00-20:30. Larunbata, 9:30-14:00.
Tokia: Potxoenea.
Autodefentsa feminista tailerra emakumeentzat, Maitena Monroyrekin. Doan. Izen ematea, aurrez: parekidetasuna@usurbil.net
Antolatzailea: Parekidetasun Kontseilua.